Ulma Taldeko Zerbitzu Zentraletako lorategian ekitaldi hunkigarria egin zuten atzo: denboraren kapsula ipini zuten. 50. urtemuga ospatzeko ekitaldien artean egin zuten. Horrela, Ulmaren zortzi negozioetako bakoitzari eta taldeari berari dagozkion kutxa bana sartu zuten enpresako langile, lehendakari eta komunikazio arduradunek. Irene Alberdi Ulma Taldeko presidenteak adierazi zuen ekitaldiaren helburua zela etorkizuneko bazkideek ezagutzea egun zer egiten den eta zer amets dituzten, besteak beste. Horrela, kaxetan sartu zituzten, esaterako: hildako langile baten argazkia, beste langile bati bizia salbatu zion kaskoa edo egungo langileen zerrendak.
Baloreen kapsula
Gure baloreek denboran zehar iraun dezatela: Lankidetza, Lehiakortasuna, Parte-hartzea eta Berrikuntza leloa grabatuta duen poliedro itxurako kapsularen barruan sartu zituzten negozio bakoitzeko kutxak.
Sortzaileei omenaldia
Ulma kooperatibaren sortzaileak ere gogoan izan zituzten atzoko ekitaldian eta aurreskua dantzatu zieten amaieran. Horren ostean, ikus-entzunezko bat eskaini zuten; bertan, kaxa bakoitzean zein elementu sartu zituzten eta zergatik azaltzen zen.
Gaur, kontzertua
Ulmak antolatuta kontzertua eskainiko dute Donostiako Orfeoiak eta Bilboko Udal Musika Bandak Oñatiko plazan gaur, 21:00etan. 1.000 aulki jarriko dituzte eta sarrera doan izango da. Euskal abestiak eta operako abestiak eskainiko dituzte bi taldeek.