1. Honezkero, Goenkalepedia bikaina izango zara...
Goenkalez Blai-ri esker, esan daiteke baietz, Goenkale-ri buruzko ia dena dakidala. Interesgarria izan da. Baina ez genuenez ordenan grabatzen, ez dakit zehazki kronologia zein den.
2. Eta milaka atalen artean bat aukeratu beharko bazenu?
Maria Luisa hil zeneko atala aukeratuko nuke. Hori bai izan zela hunkigarria!
3. Gogoratzen zuk zeuk Arralde zapaldu zenuen lehenengo aldia?
Noski baietz! Oso gaizki pasa nuen, oso urduri nengoen. Lehenengo entseatu egiten dugu, eta telebista txiki batetik jarraitzen dugu aurrekoak grabatzen ari direna. ''Aktoreak platora'' jartzen duen seinalea agertzean, grabatzera sartu behar duzu eta gogoratzen dut seinale hori irten zenean, ez nuela irtetzerik nahi.
4. Izango zenuke Itsaso lagun moduan?
Bai, baina ez nuke gehiegi jasango. Nahiko kuxkuxeroa da, sudurluzea, agintzailea... Akaso parrandarako irtengo nintzateke berarekin, baina bestela, astuna!.
5. Itsaso edo Maria moduan, kamera aurrean nola erosoago?
Itsaso moduan, askogatik! Esperientzia polita izan arren, nire ustez aurkezle lanak ez dira niretako. Aktore bezala, dibertigarriagoa da; aurkezle lana hotzagoa.
6. Dena den, kamera aurreko zure lehen aldia abesten izan zen...
Bai, Betimu-n! Telebistakoak ikastetxera etorri ziren eta nik eta lagun batek abestu genuen. Betizu-rako deitu eta hartu egin ninduten. Baina hura ez zen niretzako: izendatuta egon nintzen lehen aldian eskatu nien ingurukoei nire alde ez deitzeko.
7. 2021an gaude. Zertan dabil Maria?
Espero dut antzerki munduan ibiltzea; zineman bada askoz hobe! Berdin dit non, baina beti ere aktore lanetan; edo orain bezala, umeei antzerkia irakasten.
8. Araotzen bizitzeak, markatu egiten al du?
Duela sei urte bizi naiz Araotzen; ez naiz han jaiotako, beraz ez dakit... Baina Araotzen bizitzea zoragarria da; ni maiteminduta nago auzoarekin.
9. Bisbalek moztu zituen kizkurrak. Halako asmorik?
Ez; asko kostako litzaioke haztea! Bolumen handia du eta Goenkale-n arazoak ematen ditu bestearen planoan sartzean; ile-apaintzailearekin azpijokoan aritzen naiz orduan asko ez mozteko.
10. Zenbat aldiz azaldu behar izan duzu abizenaren jatorria?
Beti galdetzen didate nondik datorren, nola ahoskatzen den... Aita Karibeko Granada irlakoa dut, eta handik dato. Jatorriz holandarra izan daitekeela ere esaten dute...
-------------------------
Lehendakaria banintz: "Erreforma pila bat burutuko nituzke, hezkuntzan esaterako. Dena den, egungo gizartean teknologia asko eta dena oso mekanizatuta dagoela ikusten dut; askotan ez dakigu ondokoa nola dagoen, ez ditugu pertsonak zaintzen. Inork ez digu irakasten pertsonak izaten, eta hori landuko nuke bai hezkuntzan, bai lanpostuetan".