Iñaki Beristain: "Kontua da Arantzazuk bere esangura salbatzea, ez fraideok salbatzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ira. 9a, 02:00

Arantzazuko fraide gazteenetakoa da (64 urte, Errezil). Eta ezagunenetakoa ere bai, Pello Zabalarekin batera. Komunikazioaz arduratzen da. Arantzazuko Amaren egunaren bezperan izan ginen harekin, eta Arantzazuren orainaz eta geroaz jardun digu.

Arantzazuko Amaren Eguna da gaur, barikua. Ze espero duzue?
Oñatiko erromesaldia 8etan hasiko da bide erdian eta handik gora batera egingo dugu ordu eta hogei bat minutuz: kantu, otoitzaldi, gogoeta, poema, bertsoekin… Ibilaldi ederra. Gero, meza nagusia. Jende asko espero dugu. Bereziki aurten, Gipuzkoan jaieguna da-eta.

Lehendakaria eta ahaldun nagusia espero dituzue bertan?
Lopez ez da etortzen. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea etorri izan da. Aurten ez dakigu. Bestalde, ahaldun nagusia berria da eta ez dakigu oraindik zer egingo duen. Loiolan-eta egin zuena kontuan izanda, litekeena da Gipuzkoako diputatu nagusia bertaratzea, baina elizkizunera ez sartzea. Berdin Oñatiko alkateari eta udalbatzari dagokienez Denak daude gonbidatuta.

Munilla gotzaina ere han izango da.
Bai, bai, jakina. Hura ere bai.

Zelako harremana daukazue gotzainarekin?
Arantzazuko frantziskotarrok oso harreman puntuala izan ohi dugu gotzainarekin. Bestelakoan, izan ditugu geure arazotxoak, Arantzazun gertatu direlako, baina, oro har, ez zaigu tokatzen harreman handirik edukitzea gotzainarekin. Ez onik eta ez txarrik.

Zeuen lankide izandako Joxe Arregik abituak laga izana zela baloratzen duzu?
Min handia hartu genuen. Gurekin bizi izana da Joxe Arregi. Gizon jatorra da, gure betikoa, etxekoa. Gainera, min hori garraztu egin zen gauzak bere onetik atera zirelako. Barruko arazoa izaki, barruan konpondu beharrean hedabideen bidez zabaldu zen eta egoerak narrastu egin ziren, soluziobideak itxi… Joxe Arregik bere bidea hartu zuen. Orain lasai dago.

Zergatik geratu zen guztia?
Ez nintzateke hasiko erruak banatzen. Sokatirak hasiz gero, batek batera eta besteak kontrara egin ohi du. Eta ahalegin guztia egiten da, gainera, ahal den ertzeren eroateko izkina bakoitza. Hori gertatu zela uste dut. Alde batetik eta bestetik bere onetik atera ziren gauzak.

Zelan doa bederatziurrena?
Jende aldetik, beti bezala. Arantzazuko etxeak, ostatuak-eta, beteta daude. Disgustu batzuk ere izan dira, ze beti etortzen diren batzuk toki barik geratu baitira. 300 bat laguneko taldea izaten dugu egunero. Benetan hunkitu egiten nau jendea kantuan entzuteak. Munduko korurik ederrena bertan sortzen da, jendeak grina osoz ekiten diolako.

Uda zelan joan da Arantzazun?
Lehengo urtean baino jende gehiago ibili da, batez ere bisita gidatuetan jende gehiagok hartu du parte.

Nondik etortzen dira turistak Arantzazura?
Gehienak bertatik. Haiez gain, Kataluniatik eta Madrildik. Andaluziatik ere bai. Atzerritik…

Arantzazuko Hotela zer moduz?
Oso garai zailak dira hotel eta jatetxeendako. Krisi gogor hau dela-eta oso gaizki daude gauzak. Baxu antzean daude. Egia da, akaso, hotela berri samarra ere badela eta halakoak ahoz aho zabaltzen direnez denbora behar duela. Berri onak nekez zabaltzen dira; txarrak errazago.

Arantzazuren ahulguneak eta indarguneak aztertu dituzue. Zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?
Bata, oso pozgarria: Arantzazu erlijiogune moduan oso ezaguna dela. Harrituta utzi gintuzten datuek. Egia da Arantzazuk badituela beste alderdi batzuk, kulturarena, naturarena, turismo edo aisialdiarena… Eta, akaso, turismoaren aldetik datu baxu samarrak jaso genituen. Baina Arantzazu beti izan da izan dena. Marka ezaguna da eta marka hori lotzen da erlijioarekin eta naturarekin. Domeketan jendez beteta egoten da. Kulturaren edo artearen aldetik eta Baketik-en lanagatik-eta, badoa hartzen indarra apurka, baina horiek poliki errotzen dira jendartean.

Zenbat frantziskotar zaudete gaur egun Arantzazun?
32 gara guztira. Gazteenak 55 urte ditu eta zaharrenak 93.

Urterik ugarienetan 170 izatera ere heldu zineten…
Bai, hala da. Orduan jendea soberan zegoen edozertarako. Orain oso gutxira etorrita gaude. Baina horrek beste mesede batzuk egiten dizkigu, beste baliabide batzuk topatu behar ditugula fraideak ez direnak: Arantzazuren alde lan egiteko prest dauden adiskideak, boluntarioak… Elizari, oro har, etorriko zaio ondo hori.

500 urte baino gehiago dira frantziskotarrak Arantzazun daudena, baina aurki bat bera ere ez da geratuko seguruen, ezta?
Egia da. Hala ere, frantziskotarrak izan edo ez izan, Arantzazuko eliza jardunari beste sen edo berezitasun bat eman behar diogu. Kontua ez da fraideok salbatzea, baizik eta Arantzazuk bere esangura salbatzea. Orain arte Euskal Herriari mezu bat eta presentzia bat eskaini badio, aurrerantzean ere hori lortu behar dugu fraideekin edo fraiderik barik.

Ze etorkizun geratzen zaio Arantzazuri?
Arantzazuren frantziskotasuna laikoek ere egin dezakete. Esaterako, azkeneko hiru urteotan Asis sarea sortu eta zabaldu da eta 2.000 lagun baditu dagoeneko. Gizatasuna, askatasuna, jatortasuna, xumetasuna… zabal dezakete laikoek ere. Etorkizunean, gu ez gaudenean ere, frantziskotarrak izango dira Arantzazun; apaizak ez, akaso, baina bai laiko frantziskotarrak. Beste bizimodu bat posible dela adierazteko jendea izango da. Haiek izango dira Arantzazuren etorkizuna. 

Arantzazu Gaur eta Arantzazuko Adiskideak. Ze ezberdintasun dago eta zein da bi horien helburua?
Arantzazu Gaur fundazioa da Arantzazuk gainean daukan txapela. Proiektu guztia babesteko. Bereziki, negozioak, Gandiaga Topagunearen aretoak, hotela, denda… Negozio kontuetan ez gara batere adituak. Fundazioan daude Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, Mondragon taldea, Kutxa Fundazioa eta gu geu.

Arantzazuko Adiskideak?
Beste kontu bat: Arantzazuri laguntzeko prest dagoen jende multzoa. Mila lagunetik gertu. Haiekin beste lan askotarako kontatzen dugu. Arantzazuren eta Euskal Herriko etxe askoren artean harreman afektibo handia egon da beti, sasoi batean fraideak ibiltzen zirelako etxerik etxe.

Baketik-ek bost urte beteko ditu aurki. Ze balorazio egiten duzue?
Asmo guztiak gainditu ditu. Halere, une erabakigarrian dago. Berregituratzea behar du. Gainera, dirulaguntzak pikutara joan dira eta hori ere kontuan izan behar da. Berritu edo hil. Etorkizunari eutsi egin behar.

Arantzazu aldizkariaren zuzendaria ere bazara.
10.000 etxetara heltzen da, hori da-eta harpidedun kopurua. Une onean dago. Tresna oso ona daukagu esku artean eta hori erakargarri egiten asmatu behar dugu aurrerantzean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak