Arantzazu, egun handiaren atarian

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 8a

Arantzazuk bihar ospatuko du egun handia. Aurten, gainera, besteetan baino jendetza handiagoa espero dute basilikan, jai eguna izaki Gipuzkoa osoan. Autobusak izango dira ordu laurdenero, goizez, 09:30etik 13:30era; eta, arratsaldez, ordu erdiro, 13.30etik 20:00etara. Munilla gotzainak emango du meza nagusia. Iluntzean, ostera, Oñatiko plazan, Donostiako Orfeoiaren eta Bilboko Udal Musika Bandaren emanaldia izango da, Ulmaren 50. urteurrena ospatzeko.

  • Iñaki Beristain frantziskotarra, Arantzazuren gainean

Aspaldiko partez jai eguna; Foru aldundian eta Oñatiko Udalean agintari berriak, Bildukoak; eta, Ulmaren 50. urteurrena ospatzeko, musika emanaldia plazan. Horiexek aurtengo berritasunak, jai egun handiaren osagai garrantzitsuenak.

Erromesaldia 7etan

Bestelakoan, eliztarren erromesaldiak, bederatziurrenari amaiera emateko. Goizeko 7etan abiatuko da San Migel parrokiatik. Arantzazuko fraideek bat egingo dute haiekin 8etan Zapatan, eta elkarrekin igoko dira goraino, Arantzazuko lautadara 9:15erako heltzeko. Kantak, otoitzaldiak, gogoetak, poemak, bertsoak… izango dira ibilaldian. Eta, gero, 12:00etan, meza nagusia Munilla gotzainarekin.

Agintariak eta presoen senideak

Foru gobernuko bozeramailea, Larraitz Ugarte, eta gobernuko beste ordezkari batzuk, eta Oñatiko alkatea eta udalbatzako beste zinegotzi batzuk, bertaratuko dira, baina, seguruen, ez dira mezara sartuko; ez, behinik behin, Diputazioko bozeramailea eta alkatea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere espero dituzte, baina ez lehendakaria; seguren, Idoia Mendia bozeramailea izango da bertan, azkeneko urteotan bezala. 11:30ean, presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute senideek eliz atarian, ohiko moduan.

Donostiako Orfeoia eta Bilboko Udal Musika Banda

Ulma Taldea ospakizunetan dago urte osoan. Oraingo astean ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta, ginda, bihar iluntzeko musika emanaldia izango da. Plazan, 1.200 aulki jarriko dituzte Donostiako Orfeoiaren eta Bilboko Udal Musika Bandaren emanaldirako. 21:00etan hasiko da kontzertua. 150 abeslari eta instrumentu jotzaile espero dituzte oholtza gainean. Jose Antonio Sainz Alfaro izango da zuzendaria. Emanaldiak 90 minutu iraungo ditu.

Oñatiar bat Donostiako Orfeoian

Esteban Urtzelai oñatiarra, urteetan Ganbara abesbatzako eta Donostiako Orfeoi Txikiaren zuzendari izan dena, ere izango da Orfeoiarekin bihar herrian. 2006a ezkero Donostiako Orfeoian abesten du. "Oñatira itzultzeak ilusio handia egiten dit" adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak