75 lagun batu dira Enpresagintza fakultatean egindako jardunaldietan

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko irailaren 6a

Oñatiko Enpresagintza fakultatean IKTak eta Hezkuntza izeneko jardunaldiak egin dituzte gaur, MUk antolatuta. Jardunaldion helburua izan da irakasleen eta unibertsitateko langileen arteko esperientziak elkartrukatzea eta urtean zehar teknologia berriei buruz eurei sortzen zaizkien zalantza eta beldurren berri egin dute berba, besteak beste.

Bigarren aldiz, Mondragon Unibertsitateak antolatuta, IKTak eta Hezkuntza izeneko unibertsitate jardunaldia egin dute gaur Oñatiko Enpresagintza fakultatean. Bertan 75 lagun inguru elkartu dira; MUko irakasle eta langileez gain, harremana duten inguruko enpresa batzuetako lagunak ere gonbidatu dituzte aurten MUkoek. Jardunaldien helburu nagusia izan da irakasleen eta unibertsitateko langileen arteko esperientziak elkartrukatzea.

Esperientzia trukaketa

Olga Herreroren esperientziarekin eman diote hasiera jardunaldiei. Herrerok azaldu ditu on-lineko irakaskuntzaren tendentzia nagusiak zeintzuk diren eta Edurne Galindez On-line koordinatzaileak esan digu orain tendentzia horietara hurbiltzea izango dela euren erronka eta gaineratu digu irakasleek zailtasun asko izan dituztela teknologia berriak euren irakaspen metodoetan ezartzeko.

Eguerdian, esperientzia gehiago trukatu dituzte. Besteak beste, irakasleek wikiak eta blogak euren klaseetan nola erabili dituzten azaldu dute, ikasleen praktiken jarraipenerako zein zaintza metodo erabili dituzten ere izan dute berbagai, eta ikasle gazte batek ere hartu du parte ikasle talde batek daraman blog baten berri emateko.

Horiek eta gehiago izan dira gaur Enpresagintza fakultatean. Galindezek azpimarratu diguna izan da esperientzia kontaketen amaieran sortu diren eztabaidak izan direla aberasgarrienak.

Balorazio positiboa

Galindez koordinatzaileak jardunaldien balorazio positiboa egin du eta esan digu hurrengo urtean hirugarren jardunaldia antolatzeko asmoa dutela eta modu horretara espero dutela irakasleen arteko esperientzia gehiago elkartrukatzen joatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak