www.ulma50.com klikatu ondoren, atariaren sarrera agertuko da (ikus ondoko erretratua). Bi zati nagusi ditu: goiko aldean erretratu zaharra ipini dute, eta laukitxo baten 50. urteurreneko ekitaldien gaineko informazioa ikus daiteke. Beheko aldean, askotariko informazioa dago, bost zutabetan banatuta.
Lehen zutabea Gehigarriak delakoa da. Ulmaren historiaren errepasoa egiten dute hamarkadaka banatutako gehigarrietan. Tu Lankide aldizkariko informazioa eskuratu ahal da.
Kontu kontari izeneko bigarren zutabean, Ulmako bazkideek eta langileek euren istorioak kontatzen dituzte.
Hirugarren zutabean kooperatibaren mende erdian izandako ekitaldi eta inauguraziorik nagusienak azpimarratzen dituzte, urteka. Laugarren zutabean ere testigantzak dira nagusi, baina urteurrenaren harira langileek eta bazkideek egindakoak.
Azken zutabean –Ulmaren ahotsak delakoa– erretiratutako langileak eta bazkideak dira nagusi. Garai onenetan eta txarrenetan bizi izandakoak laburbiltzen dituzte.
"Gune dinamikoa"
Une honetan "atari aberatsa" dela diote arduradunek, baina "gune dinamikoa izanik, urtean zehar testigantzak eta erretratuak eguneratu egingo ditugu". Hainbat berrikuntza ipiniko dituztela ere esan digute. Bestalde, Interneteko joera berriekin bat eginez, www.ulma50.com guneak parte-hartzeko aukera ematen die bisitariei. Hori horrela, 2.0 aplikazioak ditu. Hain justu ere, Flicker, Youtube, Vimeo eta Facebook.