Batuta eta ganoraz ospatu ditu Oñatzek 40 urteak

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko irailaren 4a

Zapatu eguerdiko bazkarian ia 300 lagun elkartu ziren; iluntzean Larrain-dantza egin zuten guztiek herriko plazan.

Oñatzek bete dituen 40 urteetan gertatutakoak zituzten hizpide urteurrena ospatzeko antolatu zuten bazkarira joandako ia 300 lagunek zapatuan. Oñatz kultura elkartetik sortu zen izen bereko dantza taldea, Lourdes Idoiaga elkarteko presidentea zen garaian, duela 40 urte. "1970ean egin genuen lehen Haurren Eguna, eta handik sortu zen gero dantza taldea", du gogoan Beatriz Igartuak, taldearen sortzaileetako batek. "Frankismoko urteak ziren eta zinta-dantza egiteko erabili behar genituen koloreak aukeratzea zen gure eztabaideetako bat, zuria, gorria eta berdea erabiliz gero ikurriñaren koloreak ateratzen zirelako zinta kiribiltzean, eta beldur ginelako hori egiten utziko ziguten edo ez", du gogoan Gotzon Osinaga txistulariak. 

Oñatzen egindako bikoteak
Pili Kortabarriak ere makina bat pasadizo bizi ditu Oñatzekin, horien artean Belgikara egin zuten bidaian gertatutakoa. "Gogoan dut Belgikara iritsi ahalaz bat konturatu zela taldekide bat dantza egiteko arropa guztia Oñatzen lokalean utzi zuela, pertxa baten eskegita". Guztira ia 300 lagun elkartu ziren bazkaltzeko, eta taldetxoka eseri ziren mahaietan: txistulariak elkarrekin, dantzari gazteenak ere bata bestearen ondoan eta sortzaileak ere batera, Jesus Irizar Txutxin-en inguruan. Hantxe zegoen Beatriz Igartua ere, lagunekin lehengo kontuak astintzen. "Urte guzti hauetan Oñatz taldean sortu diren bikoteak errepasatzen ari ginen, bikote pila bat egin dira dantza talde honetan eta". Beste mahai batean hasierako urteetako dantzariak zeuden, kontu tristeagoak gogoratuz. "Gure taldeko hiru hilda daude dagoeneko", zioen batek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak