Gomiztegin bizi da Ardi Latxa

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko ira. 1a, 02:00

Gomiztegin ez daude artzainak, gazta, esnekiak eta artzain eskola bakarrik, Ardi Latxa markako produktuak ere hantxe daude. Tolosako gazte batzuek sortu zuten marka hori, irudi hori, baina 2008ko maiatza ezkero Gomiztegitik kudeatzen dute merchandising-a, eta hantxe dago denda ere, artegiaren ondoan.

Katiluak eta kamisetak
Ardi Latxa markako arditxoa katiluetan, kamisetetan, giltzatakoetan, jostailuetan eta mugikorrak eramateko zorroetan ikusten da, besteak beste; arditxo arrosak, urdinak, laranjak, zuriak eta beltzak. "Katiluak, kamisetak, txiskeroak eta giltzatakoak saltzen dira gehien. Eta Internet bidez pegatinak eta giltzatakoak eskatzen dizkigute gehien. Australiatik, AEBetatik, Espainiatik, Alemaniatik eta Holandatik egin dizkigute eskaerak, esaterako. Gehienak Donostian edo Bilbon turista egondakoak dira, han ikusi dituzte arditxoak eta gero Internet bidez erosi dituzte gehiago, euren senide eta lagunendako. Eta dendara ere etortzen da jendea, bai", dio Ainhoa Intzak, Gomiztegiko langileak.

Ama oñatiarra duen Irma Beriain hendaiarrak eta haren senarrak, esaterako, martitzenean ezagutu zuten denda. Gazta erostera joan ziren eta, bide batez, dendan sartu eta ilobendako kamisetak eta eurendako MP3a sartzeko zorroa erosi zuten.

Egunero zabalik
Artzain dendara edozein egunetan joan daiteke, egunero dago zabalik. Gainera, aukera dago Gomiztegik eskaintzen dituen bisitetako batez gozatzeko ere:  Gomiztegi bertako jatorria eta egungo funtzionamendua ezagutu eta gaztak nola egiten diren eta zein zapore duten jakin, artzain txakurrek lana nola egiten duen ikusi edo aurreko biei dastatze gastronomiko oso bat gehitzea. Taldean joanez gero, baina, komeni da aldez aurrez deitzea: 943 25 10 08 edo www.gomiztegi.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak