300 bat lagun Oñatz taldearen 40. urteurrena ospatzeko

Mireia Bikuña 2011ko irailaren 2a

Guztiek dute hitzordua 12:00etan Foruen enparantzako pilotalekuan. Musikarekin girotuta poteoa egingo dute, baina, aurretik, aurreskua edo ikurrin-dantza dantzatuko dute. 14:30ean herri bazkaria egingo dute kiroldegiko pilotalekuan. Jai eguna bukatzeko Larrain dantza erraldoia egingo dute plazan, 19:30ean.

1962an Oñatz kultura elkartea sortu zen; besteak beste, abesbatza eta mendi taldea zituen.

Txutxin 1968an dantza eskolak ematen hasi zen Zubillagako neska-mutiko talde batekin eta lehen dantza saio egin zuten 1969an Santurtzin. Urtebete geroago Oñatz kultura elkarteak pentsatu zuen Haur Dantzarien Eguna Oñatin ospatzea.

Dantza talderik ez zegoenez, Zubillagako neska-mutikoek egin zuten dantza. "Haren ondotik deialdia egin genuen herrian umeak dantza taldera erakartzeko eta Zubillagakoek bat egin zuten taldearekin", gogoratu du Txutxin-ek.

Oñatz dantza taldeko kideek eskolak ematen dituzte: egun 200 bat neska-mutikok dihardute dantzan 60 irakasleren aginduetara.

Haur dantziaren eguna

41. haur dantzarien egunaren antolaketa esku artean du Oñatz dantza taldeak. Hilaren 18an egingo dute, eta 350 bat neska-mutiko egongo dira Oñatin euskal dantzen erakustaldia egiteko.

  • 10:15ean elkartuko dira talde guztiak Otadui Zuhaiztian. Kalejiran plazako pilotalekuraino joango dira, eta han hamarretakoa egingo dute.
  • 12:00etan alkate txikiaren agurra entzun eta ibilaldia egingo dute kalerik kale.
  • 13:30ean umeak banatu egingo dituzte bazkaltzeko: batzuk etxeetan hartuko dituzte eta beste batzuk elkarteetan.
  • 17:00etan alardea egingo dute plazan. Mutilek eta neskek hiruna dantza egingo dituzte. Alardea bukatzeko elkarrekin egingo dute dantza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak