Omenaldia egingo dizute domekan Legazpin. Pozik zaude?
Bai. Nikolas Segurolak esan zidan omenaldia egingo zidatela. Eskertzen dira horrelako aitortzak, baina urduri ere banago. Eguna noiz iritsiko amorratzen nago. Une horretan larri ibiliko naiz.
Ingurune ederrean bizi zara. Baserrian. Baina kalean bizi izandakoa zaitugu.
Bai, hala da. Baserria izan dugu beti. Arreba, koinata eta ilobarekin bizi izan naiz. Egun, iloba Jabierrekin bizi naiz.
Baina kalean ere bizi izan naiz. 38 urterekin Ulmara joan nintzen lanera. Asteguna kalean pasatzen nuen, eta aste bukaeretan baserrira etortzen nintzen. Erretiroa hartu dudanetik Beillotzan nago, eta oso gustura, gainera.
Zer nahiago duzu, lantegiko lana ala baserrikoa?
Bietan egon naiz gustura, baina baserrikoa berezia da. Asko maite izan ditut ardiak, animaliak, ortua... Egun, Jabierren esku dago etxeko lana, baina gustatzen zait zer egiten duen ikustea.
Etxeko tradizioari jarraituz artzain izan naiz ni ere. Bizimodu gogorra da, baina, aldi berean, oso polita.
Egun, ardiak bakarrik dituzue etxean.
Bai, hala da. Egun, artaldetxo bat daukagu, baina askoz gehiago izan ditugu: 60 bat ardi, larre-behiak eta behorrak. Etxean izan ditugun ardi gehienak latxa mutur beltzak izan dira.
Zuk zaintzen zenituen ardiak?
Bai. Baserri ondoan dagoen Urkillako mendilerroko Zurkutz mendian pasatzen nuen uda ardiekin. Neguan etxera itzultzen ginen.
Etxean beste hainbat produktu landu dituzue.
Artoa, babak eta patatak erein ditugu ortuan. Gainera, gaztainak eta basoko beste hainbat fruitu biltzen genituen. Gure baserria zelai eta pagadiz inguratuta dago eta oso aberatsak dira.
Arantzazurako bidean bizi zara. Herrigunetik urrun.
Ez daukat aspertzeko denborarik. Eguraldi ona egiten badu, Pintto eta Lista hartu eta paseoa egiten dut. Euria edo elurra egiten badu, orduan sutondoan egoten naiz telebista ikusten.
Orain dela gutxi arte, Urbiara joaten nintzen domekero beste artzain batzuekin egoteko.