Kontzertu hunkigarria Leteren 'oroiminez'

Edu Mendibil 2011ko abuztuaren 12a

Gutxitan egongo zen horrela Arantzazuko Basilika. Atzo, eguena, 1.300 lagun batu ziren bertan 'Xabier Leteren oroiminez' izenburuko emanaldia jarraitzeko. Oraindik urtebete ez da igaro kantari eta olerkari oiartzuarra hil zenetik eta emozioa izan zen nagusi emanaldian. Hiru ordu eta erdi luze iraun zuen kontzertuak.

Besteak beste, Carlos Garaikoetxea Lehendakari ohia, Ikerne Badiola eta Jon Uriguen diputatuak, Anjel Lertxundi idazlea edota Arantxa Lete, Xabier Leteren arreba, hurbildu ziren atzo Arantzazura. Kontzertuaren lehenbiziko zatian Iruñeko Kamara Abesbatzak, Josep Cabreren zuzendaritzapean, Tomas Luis de Victoriaren Officium defunctorum a seis voces eta Mozarten Ave verum eta Visperas de confesore piezaren eskaini zituen. Kontzertuko lehen zati hori irmoa, serioa izan zen benetan, are gehiago Arantzazuko Basilikako moduko eszenatoki solemne batean.

Bigarren zatian, berriz, Pier Paul Berzaitz, Antton Valverde, Amaia Zubiria, Petti eta Erramun Martirikorena izan ziren protagonista, Leteren hiruzpalauna abesti kantatuz: Amodio amore, Itzulera (Gabriel Zelaiaren hitzekin) edo Amaitu da bidaia (Valverde); Zure tristura edo  Maiteaz galdezka (Zubiria); Pettik Altzateko jauna, Euskal Herri nerea edota Lore bat, zauri bat (kontzertuko une berezienetako bat) eskaini zituen; eta Erramun Martirikorenak, azkenik, Nafarroa arragoa eta Kontrapas.

Haiekin batera Karlos Jimenez (pianoa), Txema Garces (baxua), Xanet Arozena (gitarrak), Francisco Herrero (biolina), Joxan Goikoetxea (soinua) eta Luis Fernandez (biolontxeloa) musikariek jardun zuten kontzertuko bigarren zatian. Noel Elorga aurkezleak azpimarratu zuen moduan, "guztiek ere euskal musika duintzeko lan txalogarria egin dutenak".

Pier Paul Berzaitz kantari zuberoarrak Ni naiz kantuarekin ekin zion emanaldiari eta handik aurrerako kanta gehienak ikusleek lagundu zuten. Agerian utzi zen atzo hitzak ez direla ezinbestekoak emozioa sortzeko. Bereziki hunkigarria izan zen Joxan Goikotxea soinujoleak Errota zahar maitea eskaini zionean bere lagun Leteri. Kantu hori ahopeka kantatu zuten Arantzazun batutakoek. Karlos Jimenez pianujolea ere bikain, dotore aritu zen emanaldi osoan zehar, eta amaiera aldean Rilke lagunduz jo zuen, pianotik sortutako notek Basilika osoa betetzen zutelarik. Xalbadorren heriotzean kantu ezagunarekin amaitu zen kontzertua.

Hitzak ezinbestekoa ez, baina apartekoak dira JosAnton Artzeren hitzak eta errezitaldiak; lotura berezia lortu zuen ikusleekin eta berak azpimarratu bezala poesia espirituala izan beharko luke. Atzokoan ere lortu zuen behinik behin. Kontuak kontu, agerikoa da Leteren kantuetako hitzak buruan, bihotzean daramatela haren jarraitzaileek.

Bideoa, hemen.

Horra hor egunkari ezberdinek kontzertuaren inguruan gaur jasotakoa:

Berria

El Diario Vasco

Noticias de Gipuzkoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak