"El objetivo de Bildu es convertir a Policía, Guardia Civil y Fuerzas Armadas en objetivos de una campaña permanente de acoso", dio La Razon-ek J.M. Zuloagak sinatutako artikuluan. Mikel Biain Oñatiko alkatearekin harremanetan jarriko gara goizean zehar eta saiatuko gara alkatearen iritziak jakitzen. Alkatearekin izandako lehen harremanean Bilduk ez duela horrelakorik antolatu ziurtatu digu, ez Bilduk berak ezta Oñatiko Udalak ere.
La Razon egunkariak atera dituen hainbat esaldi:
- "Fan Hemendik" kanpaina "Alde Hemendik" leloaren antzekoa dela dio hau idatzi duen kazetariak. "fan" aldaera ez dago oso zabaldua, antza.
- ETA-ren programa: ETA-ren helburua izan dela 70. hamarkadatik Segurtasun Indarrak eta ejerzitoak Euskal Herria uztea. KAS alternatiban ere badagoela jasota eta konbenientzien arabera izena aldatu badiote ere KAS alternatibak jarraitzen duela antzeratsua izaten.
- J.M. Zuloagak dio Bildu fidela dela programa horri. Eta gaineratzen du Bildu izan zela Guardia Zibilaren kuartel aurrera joan zena Guardia zibila probokatzera.
- Udaleko Bilduren hainbat kide ei zeuden manifestazioan. Manifestaziotik momentu batean bi lagunek irten eta bi maleta utzi ei zieten kuartelaren aurrean. Martxa Ertzaintzak zaindua izan zela ere gaineratzen du.
- La Razon-ek dioenez, Bilduren helburua ei da, Polizia, Guardia Zibila eta Segurtasun indarrak jazartzea. Horrela bere jendea entretenituta izateko.
- Horrelako kanpainak egitearen funtsa, Udalak gobernatzen ez jakitea da, beti ere La Razon-en arabera. "Lanerako eskarmenturik eza eta lan serioa egiten ez jakitea" ei dira oinarriak.
- Eusko Alkartasuneko idazkari orokorraren ekainaren 6ko berba batzuk ere gogoratzen ditu: "Euskal Herriaren subiranotasun bidean Estatuko Segurtasun Indarren presentzia erlatibizatzen eta gutxitzen joan behar da".
- Uztailaren 4an ere argitaratu zuen La Razon-ek Bilduko udalek Guardia Zibilari oztopoak jartzen zizkiela beren lana egiteko. Oñatikoa "datorren lekutik etorrita" probokazio hutsa ei da. Gogoratzen dute kuartelean izandako hainbat atentatu eta kuartel horri lotuta hil izan dituzten Guardia Zibilak.
Bideoa: La Razon-ek bideo bat aipatzen du. Youtuben dago eta hemen jartzen dizuegu. oraintxe bertan 5.462 lagunek ikusi dute dagoeneko: