Txinako akrobazia eta Murtziako eta Kubako soinuak, aste bukaeran Oñatin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 27a

'Kalean 2011' programaren baitan bi emanaldi eskainiko dituzte aste bukaeran Oñatin. Egubakoitzean, Txinako Taiyuan Circus akrobazia taldeak jardungo du Oñatiko plazan; eta, zapatuan, San Anton plazatxoan La Banda del Pepo eta Yaima Orozcok kontzertua eskainiko dute.

Egubakoitzean, 19:00etan herriko plazan

Txinatik zuzenean etorrita Taiyuan Cicus taldeak ordubete pasatxo jardungo du Oñatiko plazan. Aurten bete ditu Txinako akrobazia taldeak 55 urte; urte guzti horietan, euren akrobazia tradizioa mundu guztian zehar erakusten ibili dira. 150 lagunek osatzen dute taldea, baina Oñatira 14 besterik ez dira etorriko –10 akrobata eta lau laguntzaile–. Beste behin ere Txinako artea doan ikusteko aukera egongo da Oñatin.

Zapatuan, San Anton plazatxoan 22:30ean

Murtziako La Banda del Pepok Tanto por hacer disko berria aurkeztuko du San Anton plazan. 1999an sortutako taldea da, eta lehen lana 2005ean argitaratu zuten. Euren musikak soinu mediterraneoa du, eta egiten dituzten abestiek gizartearekiko ikuspegi kritikoa dute, usain urbanoaz bustitako abestiak eginez. Flamenkoa nahiz soinu ipar afrikarrak egiten dituen talde dotorea da.

La Banda del Peporekin batera Kubako Yima Orozcok jardungo du zapatuan. Santa Clarako abeslariak bere bigarren diskoa aurkeztuko du. 30 urte besterik ez dituen arren, trobaren promesa handia bezala ezaguna da Orozco. Kubako doinu tradizionalak eta pop garaikidea uztartzen ditu bere abestietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak