Kubako produktuak salgai, Kubako Egun Nazionala ospatzeko

Irati Goitia 2011ko uztailaren 26a

Kubako Egun Nazionala ospatu dute gaur Oñatin. Sierra Maestra elkarteko kideek Kubako produktuak jarri dituzte salgai herriko plazan gaur goizean eta iluntzean 'mojitoa'-k egongo dira Pub tabernan.

Gaurkoa egun esanguratsua da kubatarrentzako. Izan ere, Kubako Egun Nazionala ospatzen dute. Iraultza kubatarra hasi zen eguna oroitzen dute data honekin. Horrela, Moncada kuartelari eginiko asaltoa eta ondorengo gertakariak ekartzen dituzte gogora.

Kuban maila nazionalean ospatzen da eguna eta hemengo kubatarrek ere gogoan hartu nahi izan dute. Horrela, festa kultural bat antolatu dute Oñatin.

Kubako produktuak salgai

Goizean postua jarri dute Oñatiko plazan Kubako produktuez: Puruak, guayabaren nektarraz eginiko zukuak, jakiiak goxatzeko saltsa kubatarrak, bitxiak… egon dira salgai. Eta jarrita zuten musika kubatarrak bat baino gehiago erakarri du. Arratsaldean, berriro jarriko dute postua. Iluntzeko 8:00etatik aurrera, bestalde, mojitoak eskainiko dituzte Pub tabernan. Herritar guztiei egiten diete bertara joateko deia.

Lortutako dirua elkarteko kideei laguntzeko erabiliko da, egoera kritikoan edo langabezian dauden herrikideei laguntzeko. Baina laguntza hori ez da inoiz diru bitartez eskaintzen, laguntza materiala ematen da. Bidaiak zozketatzeko asmoa dutela ere adierazi digute elkarteko kideek.

Sierra Maestra elkarteko kideek Oñatiko Udala eta Euskaltegia eskertu nahi izan dituzte emandako laguntzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak