MobyDick-en ahots indartsuak txunditu egin zuen

Irati Goitia 2011ko uztailaren 23a

Atzo iluntzeko 20:30ean kontzertua eskaini zuen MobyDick-ek Oñatiko Antton tabernan. Bakarlariak ikusle guztiak bereganatu zituen duen ahots indartsuarekin eta gitarran erakutsi zuen abileziarekin. Taberna bete egin zen getxotarraren emanaldia ikusteko.

"Ez nuen horrenbeste jende espero. Ez al dago beste planik Oñatin?". Hitz horiexekin ekin zion  Eneko Burzakok, MobyDick izen artistikotzat, egubakoitz iluntzean Antton tabernan eskaini zuen kontzertuari. Izan ere, bakarlariak bildu zuen jendea. Antton taberna bete egin zen bere emanaldia ikusteko.

Kanta propioak eta bertsioak abestu zituen. Adibidez, Leonard Cohen-en hitzak hartu zituen bere ahotan. Bertsio benetan bereziak egin zituen.

Giro goxoa

MobyDickek kontzertua benetan giro goxoan eskaini zuen: tabernako pertsianak jaitsita eta leihoak izarekin estalita argi izpirik ez sartzeko; tabernako argiak itzalita, abeslaria argiztatzen zuen argi bakarraz; eta aulkiak eta bankuak ikusleentzat. Abeslariaren ahots indartsua entzuteko eszenatoki paregabea.

Teknologiak huts egiten duenean ere, bere ahotsaren indarra eta gitarrarekin duen abilezia nahikoa direla erakutsi zuen MobyDickek. Izan ere, anplifikadoreak kale egin zion eta ahots hutsean kantatu zuen abesti bat, zirraragarria.

Beste bat

Amaieran beste bat, beste bat... "Eskaerarik?" galdetu zuen MobyDicek. Orduantxe abestu zituen euskaraz bi abesti: bata Anarirena eta bestea Mikel Laboarena. Ikus-entzuleek eskatu eta berak kantatu. Laboaren bertsioaz txundituta utzi zituen tabernan zeudenak. Erakutsi zuen indarra erakutsita, ziur hurrengo emanaldian ere bete egingo duela aretoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak