Hain zuzen, laugarrenez egingo du Artasok esandako azoka. Lehenengoa 2008ko uztailaren 27an egin zuten, Gandiaga topagunean egindako aurkezpen ekitaldian. Eskulangintza-azoka, birziklatze tailerra eta eskulanen erakusketa antolatu zituzten orduan. Handik urtebetera, artzaintzaren gaiarekin girotu eta haren inguruko hainbat lanen erakustaldiak prestatu zituzten. Besteak beste, artilearen inguruko prozesu guztiak, artilearekin eginiko eskulanak, larrugintza, abarkak eta erakusketa etnografikoa ikusteko aukera izan zuten Santiago egunean Arantzazura joan zirenek.
Iaz, ostera, naturarekin zerikusia zuten gaiekin girotu zuten azoka. Gaiarekin lotutako liburuak erakusteaz gain, ezti eta gaztagintzako tailerrak, taila, saskigintza, xaboi, zeramika eta kaikugileak izan ziren, trikitilariek alaitutako giroan.
Artaso elkartearen helburua artea sustatzea da. 2007an sortu zen, Arantzazun. Asmoa da artelan ezberdinak jendeari hurbiltzeko tailer, eskulangintza-azoka, erakusketa eta bestelako ekintzak antolatzea.