Kepa Aranburuk egin ditu zuzendari lanak, argazki zuzendari lanak eta kameralari lanak; eta, Aitor Perosterena atrezzoaz arduratu da. Muntaia ere Aranburuk egingo du. Dokumentala zuzentzen eta gainbegiratzen Gogoratu Guran Taldekoak ibili dira.
36ko gertakariak jasotzeko bi estilo erabili dituzte. Batetik, elkarrizketak egin dituzte, 40 baino gehiago. Bestetik, gertaeren birsortzea egin dute. Horretarako, liburuan oinarritu dira.
Hiru pasarte
Hiru gertaera jasoko ditu dokumentalak: Ormaiztegiko zubipean Antonio Galdos, Guillermo Martinez eta beste gazte bat fusilatu zutenekoa, Balentin Arkauzen erailketa Oñatiko Udalean eta Oñatiko hamar emakumeei ilea moztu eta manifestazioetara joatea behartu zietenekoa.
Hiru gertaerak Oñatin grabatu dira. Ormaiztegiko zubiko fusilamendua Casablancan egin zuten; Balentin Arkauzen erailketa Gomendio etxean egin zuten; eta, manifestazioa, San Anton kalean. "Ilea mozteko unea Santa Anan egin genuen", azaldu du Kepa Aranburuk.
Lan taldearendako kokapenak bilatzea izan da zailena: "Eta baita ilea moztuko zuten emakumeak bilatzea ere", dio Aranburuk. Atrezzoari dagokionez, Perosterak dio: "Zailena kriseilua bilatzea izan da; militar arropak alokatu egin ditugu, Madrilen, eta gainerakoak etxetik hartutakoak dira".
Hain zuzen, arropari buruzkoak izan dira grabazioan zehar izan dituzten eragozpenak: "Hau horrela ez zen eramaten... ".
Talde teknikoan 15 bat lagun ibili dira lanean, eta aktore eta figurante moduan 30etik gora. "Esan behar dut aktore ez profesionalak izateko bikain ibili direla, oso ondo. Umeak, nagusiak... sorpresa handia hartu dut", dio Aranburuk pozik.
Hildakoen aurpegiak bilatzea
"Liburua osatzeko gerran hil zirenen argazki batzuk falta zaizkigu. Horretarako oñatiarren laguntza behar dugu", azaldu du Juan Ramon Garai Gogoratu Guran Taldeko kideak. Informazioa duenak dei dezala 678 24 20 31 telefonora edo idatzi: garaibengoa@hotmail.com helbidera.