Txakurtxoek ere glamourra soinean

Arritxu Barruso 2011ko uztailaren 16a

Sormena lantzeko ikastaro baten aurkezteko lan bat bezala hasi zena proiektu sendo eta etorkizun handikoa bilakatu da: L'izzura, Luxury & Elegance. Txakurtxoendako arropak egiten dituzte eta Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta handia izaten ari dira.

Arantxa Izura oñatiarra L'izzurako marketin arduraduna da: "Txantxa moduan hasi zena, orain, egia bihurtu da. Poliki-poliki merkatua aztertzen hasi ginen eta ikusi genuen aukerak genituela gure tokitxoa egiteko. Nire bazkidea eta biok txakurzaleak gara eta, horrez gain, Hollywoodeko urrezko urteen glamourra gustatu izan zaigu beti. Bi kontzeptu horiek batuta jaio zen L'izzura". 

Luxuzko arropatxoak
Benetako artelanak egiten dituzte txakurtxoendako. L'izzura enpresak bi arropa linea ditu eta horietako bat luxuzkoa da. Horixe da, hain justu ere, nolabait bereizten dituena: "Esklusibotasuna da gure ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Jantzi bakoitzetik oso kopuru txikia egiten dugu. Gainera, Couture deitzen diogun linea daukagu. Horiek oso-oso bereziak dira. Batzuk setazkoak dira. Badugu, esaterako, damaskinatu bidez egindako urrezko harizko botoiak dituen txaketatxo bat. Bezeroak bidaltzen digun irudia egiten dugu botoietan. Bezeroak, gero, irudi berarekin eskumuturrekoa egin dezake. Oso pertsonala da. 2.000 euro inguru balio du. Dena dela, 30 eta 60 euro arteko arropatxoak ere baditugu.".

AEBetan oso ohikoa
Urrian bi urte egingo ditu L'izzurak txakurtxoak janzten, baina oñatiarrak kontatu digu Euskal Herrian bezero gutxi dituztela, oraingoz: "Hemen jendeak uste du tontakeria dela txakurrak janztea. Ameriketako Estatu Batuetan oso garatuta dagoen merkatua da; baita Japonian ere. Oso ohikoa da txakurrari denetariko jantziak ipintzea. Joan den urteko abuztuan, New Yorken egiten dute Pet Fashion Week azokan izan ginen. Oso mediatikoa izan zen. Harrituta geratu ginen". 
Berokiak, kimonoak, bainu-batak, txalekoak, alkandorak, soinekotxoak... Denetarik aurki eta eros daiteke L'izzuraren webgunean, txakurtxoak ere kalera dotore-dotore joan daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak