Automobilak ez, baina oinezkoak hasi dira Atzeko kaleak duen itxura berriaz gozatzen. "Beste kale bat dirudi. Ez dauka zerikusirik aurrekoarekin. Egia esan, dotore geratu da", esan digu Baio dendako Arantza Palacinek. Galizia Tabernako Josu Cambesesek esan digu "bizia" duela kaleak: "Salouren antza hartzen diot [Barreak]. Tabernariok mahaiak eta aulkiak ipini ditugunetik, giro ederra egoten da, eta eguenetan, pintxo-poteoarekin, gainezka egin dugu".
Baina, kale eraberrituarekin disfrutatzen hasi aurretik, lan gogorrak "sufritu" behar izan dituzte. Atzeko kaleko hainbat negozioen jabeekin berba egin dugu, eta gehienek kaotiko berba erabili dute. "Nire ustez lanak ez dituzte behar bezala planifikatu. Askotan moztu egin digute ile-apaindegirako sarrera, ez dute pasabiderik ipini, kale osoa hankaz gora ipini zuten aldi berean... Orain, baina, disfrutatzeko ordua da", dio Sesiñeña ile-apaindegiko Izaskun Aldanondok.
Iritzi berekoa da Baio dendakoa ere: "Pertsona adinduak etortzen dira gurera, eta askotan sartu ezinka egon dira, sarrerarik ez nuelako dendan. Nahiko lotsagarria izan da".
Juanitosa dendak bi ate ditu: bata Kale Barrian eta bestea Kale Zaharrean. Horregatik akaso, ez zaizkie gogorregiak egin lanak. "Hasierako egunetan kalea hesitu egin zuten. Hesi altuak ipini zituzten, eta larri ibili ginen. Bestelakoan, nahiko ondo. Gure bezero gehienak Kale Barriatik sartu dira", dio Arrate Markiegik. Lanak bukatuta, guztiak ados daude esatean kaleaz "gozatzeko momentua" dela.