Ekonomia soziala izan da aurtengo udako jardunaldietako gaia IISJn, eta hiru egunetan jardun zuten horren gainean. Egueneko mahai-ingurua izan zen izarretako bat. Deustuko Unibertsitateko Marta Encisok moderatuta, Euskal Herrian indar handia duten hiru eredu ekonomikoren ordezkariak izan ziren berbetan: Mondragon Korporazioko idazkari nagusi Arantza Laskurain, Ipar Kutxako Errektore Kontseiluko presidenteorde Roberto Ruiz de Infante eta Europako sindikatuen konfederazioan CCOO ordezkatzen duen Luis Miguel Pariza.
Eredu desberdinetatik etorri arren, bakoitzak bere erara, denek goraipatu zuten ekonomia soziala: Laskurainek kooperatibismoaren baloreek eta oinarriek inoiz baino biziago eta baliagarriago daudela esan zuen, "ingurunea asko aldatu" den arren; Ruiz de Infantek filosofoen irakaskuntzak hartu zituen aintzat, eta "humanismoa euskarri duen ekonomia sozial" batera bueltatzea aldarrikatu zuen, langileok ere euren erantzukizuna eta ardura onartuta; azkenik, Parizak soluzioa kokatu zuen Eurogunearen politika ekonomikoa "demokraziatik gobernatzean", eta horretarako gai diren "erakunde berri" batzuetan.
Arantza Laskurain, Mondragon Korporazioko idazkari nagusia
"Eredu kooperatibista edozein lekura egokitzeko gai da, eta baliagarria da"

Jose Mari Aldekoaren, Mondragon Korporazioko presidentearen iragarpenak gaurkotu zituen Arantza Laskurainek: "Krisiaren hasieran, esan zuen gutxienez 2014ra arte iraungo zuela, eta inork ez zion sinistu; aldiz, orain, inork gutxik jartzen du zalantzan horrela izango dela".
Krisia zelan kudeatzen dabiltzan laburtu zuen Laskurainek. Oro har, eredu kooperatibista berretsi egin dutela eta, are gehiago, edozein ingurunera eta herrialdera egokitzeko gai dela esan zuen Mondragon Korporazioko idazkari nagusiak.
Gogoratu zuen zelan 2008 bukaeran, "ikusten zenean krisia luzerako zihoala", gomendio batzuk egin zituzten korporazioko buruek, eta "egokitzeko prozesuen" alde egin zuten, "baina beti oinarrietako bat izan da enpleguari eustea", esan zuen. Hori bai: "Uste dugu lana izateko eskubidea bermatu behar dela, baina ez lanpostu jakin baten eskubidea".
Horrekin batera, munduan gehiago hedatzeari ekin zioten, halabeharrez: "Gure salmentak, batez ere industria aldetik, asko txikitu ziren Espainian. Abantailak emango zizkiguten merkatuetan sartu behar ginen", esan zuen Arantza Laskurainek. Gaur egun, bere esanetan, "etorkizuna kanpoan dago: industrian, gure salmenten %63 Espainiatik kanpo egiten ditugu".
Mondragonen apustua izan da ezartzen zen tokian "balio erantsiko enplegua sortzea" eta balore kooperatibistak eroatea, "egiaztatu delako funtzionatzen duen eredu bat dela"; baina bere sustraiak eta jatorriko lekua alde batera utzi barik. Horretarako, Debagoienean, Arrasaten, bere sorterrian, erabaki jakin batzuk hartu behar izan dituzte Mondragonen: "Egutegiak malgutzea erabaki genuen, lana zegoenean lan egitea eta ez zegoenean egoerara moldatzea, baina denon artean erabaki genuen, kooperatibari dagokion moduan", esan zuen Laskurainek.
Krisian, "egokitzea eta irudimena erabilita konponbideak asmatzea" izan da euren formula. Baita berrikuntza ere: "Gaur egun, gure salmenten %21,4 orain bost urte existitzen ez ziren produktu eta zerbitzuena da", esan zuen.
Roberto Ruiz de Infante, Ipar Kutxako kontseilu errektoreko presidenteordea
"Langilea bere gotorlekuan sartzen da, eta ez du krisiaren erantzukizunik hartzen"
Alde humanistatik eta filosofikotik jo zuen Ipar Kutxa kreditu kooperatibako arduradunak krisiaren gaineko gogoeta egiteko, baina ez zen irakaskuntza edo hitz leunetan geratu, kritikoa ere izan baitzen, nahiz eta bere hitz batzuk gehiengoaren gustukoak ez izan: "Kapitalaren eta lanaren arteko gatazka ez dugu oraindik gainditu, eta lanak uko egiten dio krisian bere ardura eta erantzukizuna onartzeari". Gero Goienari hauxe esan zion: "Finantza erakundeok autokritika egin behar dugu, baina finantza sistema etorri zaigun itsasaldiak eraman du ere. Denok bizi izan gara neurrigabekeria garai baten. Orain, gure burua berrasmatzeko garaia da".
Bere mezua humanista izan zen: "Ekonomia pertsonaren zerbitzura egon behar da; hau da, ekonomia gizatiarra izan behar da. Ez bada, humanizatu egin behar dugu". Izan ere, bere iritziz, "ekonomia sozialak, pertsonengandik hasita, erantzun sozialak ematen ditu. Horregatik, ekonomia sozialak gehigarri gizatiar bat dauka; gatazkak gainditu egiten ditu eta interesen gainetik kokatzen da".
Baina horretarako, Ruiz de Infanteren iritziz, kapitala eta langileak adiskidetu egin behar dira. Eta horretarako, krisiak kentzen digun "lasaitasuna" berreskuratu egin behar da.
Erantzukizunak banatu egin zituen Ipar Kutxako ordezkariak: "Jendartearengan ez dago erantzukizun sentimendu orokorrik. Langilea bere gotorlekuan sartzen da, eta ez du erantzukizunaren eta arduraren bere zatia onartzen. Horrek guztiak ondorio bat dauka: solidaritate eza", esan zuen.
"Bestalde, korporazio handiak ez dira solidario sentitzen, eta sortu diren jendartean sustraiak galtzen dituzte. Hartzen dituzten erabakiek ez dute jendearen adostasuna, eta jendeak erantzun egiten die enpresetako liderrei. Horrenbestez, etengabeko gatazka sortzen da. Ez da akordiorik sortzen, eta gatazka krudel bihurtzen da. Horrek guztiak esan nahi du baloreak oso ahul daudela".
Horren guztiaren ondorioz, "krisia baloreen krisia da?", galdera hori airean utzi zuen.
Kooperatiben eredua aipatzeaz bukatu zuen: "Kooperatibak jaio ziren lekuetan daude sustraituta, eta leku horiek dira euren izatearen arrazoia. Buruak denen artean aukeratzen dituzte; adiskidetasun printzipio bat sortzen da".
Luis Miguel Pariza, Europako sindikatuen konfederazioko kidea
"Bidegabeak diren baloreekin gobernatzen gaituzte espekulatzaileek"

CCOO sindikatuko kide horren hitzaldia ere kritikoa izan zen, aurkezpenetik hasita: "Herritar sumindua nauzue", esanez agurtu zuen publikoa. Eta segituan, zeinekin sumindua dagoen esan zuen: "Ustezko profetekin, urrezko zekorra, hau da, merkatuak gurtzen dituztelako". Merkatuak zuzentzen dituzten eragileen eta, batik bat, balorazio-agentzien aurkako hitz gogorrak izan zituen.
Krisi korapilatsua nondik datorren eta bere barruan zer dagoen azaltzen ahalegindu zen: "Krisi handi honen barruan, hiru krisi desberdin daude: AEBetan, defizita eta langabezia dira arazo handienak; Eurogunean, periferiako herrialdeek duten zor handia; eta hazten dabiltzan herrialdeetan, metatzen dabiltzan soberakinak. Bada, krisi horiei guztioi errezeta berbera aplikatu nahi diete". Eta joera hori, dio, XIX. mendetik dator: "Orduz geroztiko krisi guztiak zelakoak ziren aztertu aurretik, ekonomialariek errezeta berberak eman izan dituzte: zuhurtasuna, austeritatea; ongizate estatua ez da lehiakorra; soldatak produktibitatearen araberakoak izatea; bankuek kontrol barik irabazi behar dute; estatuak ez du ekonomia erregulatu behar; zergak txikitu egin behar dira…"
Bide horretatik jarraituta, gaur egun Greziari edo Irlandari jarri dizkieten neurriek "gurpil zoroa, bukaera bako soka" sortzen dutela esan zuen, eta krisitik irtetea "galarazten" dietela herrialde horiei.
Krisiak edo, behintzat, Eurogunearen krisiak jarrai dezan interesatzen zaien aldeak daudela esan zuen: "Krisia Londresko Cityan eta New York-eko Wall Street-en sortu zen. Eragileen diru-gosearengatik sortu zen. Moneta-politika jakin bategatik, kalifikazio-agentzien utzikeria interesatuagatik, eta estatuek ez zutelako ekonomia erregulatu nahi izan, ideologiagatik. Gastua murriztu zuten, austeritatea ezarri zuten, pentsioak txikitu zituzten… Azkenean, herrialde hori ez da gai bere ekonomia onbideratzeko, ezinezkoa zaio. Ezingo da bere zorra finantzatu, ez delako jasangarria ekonomikoki, sozialki eta ez politikoki ere". Baina "kalifikazio agentziek, Lehmann Brothers-en krisiaren aurretik, Portugalen bonuak A+++ kalifikatzen zituzten. Agentziek espekulazioa finantzatzen dute, hori interesatzen zaielako". Are urrutiago joan zen: "Momentu honetan, espekulatzaileei interesatzen zaie euroak porrot egin dezan, eta horregatik, euroaren aurka dabiltza espekulatzen. Euroari alde ahuletatik erasotzen diote: momentu honetan, Grezia, Irlanda edo Portugal". Esan zuenez, Alemaniak ere "euroaz beste helburu batzuk" ditu.
Beraz, Parizaren iritziz, finantza-eragile handiek agintzen dute ekonomian, gobernuen eta erakunde demokratikoen gainetik, eta horren aurka, jendartearen, demokraziaren ordua aldarrikatu zuen: "Eurogunea gobernatzen zaila da, baina inork ez du eurotik irten gura. Hala ere, ez dugu herrialdeen gainetiko erakunderik eurogunea kudeatzeko gai direnak.Gaur egun ez ditugu ekonomia komun baterako tasak, zergak…", esan zuen. Hala ere, onartu zuen Christine Lagarde-ek, NDFko zuzendari berriak, "pauso batzuk" eman dituela; "zerbait mugitzen hasi da, baina atzerapen handiarekin".
Laburtzeko, esan zuenez, "bidegabeak diren baloreekin gobernatzen" dabiltza mundua. Eta berak irtenbidea bide honetatik ikusten du: "Finantza sistema eraberritu; hezkuntza bultzatu; lan erreformari buelta eman; administrazio publikoak erreformatu; ekintzailetasuna sustatu, arriskua, sorkuntza bultzatu; fiskaltasun progresiboa; ustelkeria borrokatu; eta gizarte babes sistema defenditu".
