Gora Gora Kids taldearen doinuek Antton Taberna bete zuten egubakoitzean

Miren Arregi Amasorrain 2011ko uztailaren 11

Garage-rocka egiten duen Gora Gora Kids taldeak, Oñatiko Antton Tabernan eskaini zuen kontzertua egubakoitz iluntzean eta bertaratuak gustura utzi zituen. "Gu ere oso gustura aritu gara. Tokia ederra da kontzertuak egiteko. Tamaina aldetik bikain dago, ederki prestatua eta oso giro ederra lortu dugu" zioen Arkaitz Villar taldekideak.

Eta pozik egotekoa da, Antton Taberna bete egin baitzen egubakoitz iluntzean Donostia, Andoain, Iruñea eta Oñatiko kideek osatzen duten taldea ikusteko.

Gora Gora Kids-ek iazko udan grabatu zuen Uaouh, Miauh &Yeah diskoko zortzi kantuak aurkeztu zituen, eta baita kantu berriak ere, hain justu, laster kaleratuko duten bigarren diskoan argitara emango dituztenak. Musikari aire fresko eta natural bat emanez, doinu sinple eta azkarrez erakarri zuten ikusleen atentzioa.
Helburua ondo pasatzea

Taldekideek argi dute helburua ondo pasatzea dela. Ez dute inolako mezurik helarazi nahi, euren xedea delako musikariek eurek eta baita ikusleek ere ondo pasatzea. "Guk primeran pasatzen dugu entseguetan eta baita kontzertuetan ere. Astean behin elkartzen gara entseatzeko eta hilean kontzertu bat eskaintzen dugu" azpimarratu zigun Arkaitz Villarrek.

Gaur hasiko dira, gainera, lau abestiz osatuko den single bat grabatzen. Aurrekoa ez bezala, oraingoa binilo formatuan kaleratuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak