Oñatiko udala 12 batzordetan antolatuta, tartean Berdintasunarena

Mireia Bikuña 2011ko uztailaren 8a

Udalaren eraketaren berri eman zuen Mikel Biain alkateak atzo eguena egindako osoko bilkura berezian. Bilduko eta EAJko zinegotziek aho batez onartu zuten  proposamena. Batzorde batzuei izena aldatu diete, eta hauteskunde kanpainan aurreratu moduan, bi batzorde berri sortu dituzte: Berdintasun batzordea eta Partaidetza, Barne Antolamendua eta Komunikazioa batzordea. Bestalde, orain arte batzorde propioa zuen Turismo Saila Sozioekonomia batzordera pasako da. Horren baitan egongo da baita ere Nekazaritza arloa. Azkenik, Haurrak arloa Hezkuntza batzordean txertatu dute.

Bilduk dituen 11 zinegotzietatik zortzi izango dira batzorde buru:

  • Partaidetza, Barne Antolamendua eta Komunikazioa: Iosu Lizarralde
  • Hirigintza eta Zerbitzuak: Iosu Lizarralde
  • Sozioekonomia: Iosu Lizarralde
  • Ogasuna: Mikel Biain
  • Gizarte Ongizatea: Mikel Biain
  • Auzoak eta Landa Garapena: Mikel Biain
  • Ingurumena: Leire Egaña
  • Gaztedia: Xabi Pico
  • Berdintasuna: Maialen Urtzelai
  • Euskara eta Hezkuntza: Nerea Zubia
  • Kirolak: Ainhoa Martin
  • Kultura: Manu Egaña

Bilduko gainerako zinegotziek, Oier Irizarrek, Beatriz Gerekak eta Konrado Kernstockek, ez dute batzorde ardurarik edukiko.

Gobernu Batzordea

Astean edo hamabostean behin batuko diren batzorde informatzaileen gainetik Gobernu Batzordea egongo da. Astero bilduko da eta Bilduko ordezkariek osatuko dute: Mikel Biainek, Iosu Lizarraldek, Leire Egañak, Maialen Urtzelaik eta Manu Egañak.

Alkatearen soldata

Bestalde, atzoko osokoan alkatearen soldata adostu zuten: Mikel Biainek ia 50.000 euro kobratuko ditu urtera, egun lantokian kobratzen duen kopuru bera. Alkatea eta Iosu Lizarralde %100ean Udal lanetan jardungo dute, azken hori irailaren 1etik aurrera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak