Oñatiko Soziologia Institutuak aitzakia ezin hobea eskaintzen du bi urtean behin bertaratzeko. Izan ere, eskarmentua dute gai konkretu eta interesgarrien inguruko kongresuak antolatzen. Aurten San Fermin bezperan hasiko dira hiru egun iraungo duten hitzaldiak eta mahainguruak: ekonomia soziala, erantzukizun korporatiboa, jabetza pribatua eta parte hartzea, lan eskubideak eta kooperatibak izenburupean.
Uztailaren 6tik 8ra bitartean izango da bilkura eta mundu osotik bertaratuko dira adituak; besteak beste Euskal Herritik, Errusia, Brasil, Noruega, Portugal, Uruguay, Argentina, Txile, México edo Estatu Batuetatik. Hizlari eta entzuleen artean, 120 lagun inguratzen da, batez beste.
Bost saio, bilkura bi
Bost saio eta bi osoko bilkura egingo dituzte.
Lehenen bilkura eguaztenean izango da, uztailaren 6an, 18:45etik 20:30era. Moderatzailea, Patxi Ormazabal Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluaren zuzendaria izango da. Parte hartuko dute Karmele Acedok Josetxo Hernandez Duñabeitiak eta Koldo Saratxagak.
Bigarren bilkura, berriz, eguenean, uztailaren 7an, 18:00tik 19:30era izango da, eta bertan jorratuko den gai nagusia krisia izango da. Deustuko Unibertsitateko Marta Enciso izango da oraingo honetan moderatzailea eta Arantza Laskurain, Carlos Oses eta Luis Miguel Pariza parte hartuko dutenak. Ostean, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen txanda izango da, elkartearen presidentea den Jose Mari Larramendiren hitzaldiarekin.
Pertsonei lehentasuna
Gizarte ekonomia du ardatz aurtengo kongresuak eta, bereziki, pertsonei lehentasuna ematen dieten jarduera ekonomikoak eta antolaketa zein erakundeak aztertuko dira.
Krisi garaian gaude eta horrelakoetan behar-beharrezkoa da hausnartzea eta orain arteko negozio-bideen aurrean alternatibak bilatzea, ideia eta berrikuntza sakonak landuz.
Badaude urte luzez dirauten esperientziak, krisi garaiei ere aurre egin diotenak, lana mantenduz eta bizitzeko baldintzak hobetuz. Horren adibiderik argiena da Mondragon Kooperatiba. Ondo asmatu du globalizazioaren aurrean birmoldatzen baina, era berean, erronka berriak ditu aurrez aurre eta etengabe ari dira bide berriak urratzen eta ekintzailetasuna sustatzen, besteak beste herririk txiroenetako bilakaera ekonomikoa bultzatu asmoz.
Gaur egun lehentasuna dute langileen soldata, lan ordutegi eta baldintza duinek. Garbi dago krisi ekonomiko eta finantzarioak erronka berrien aurrean jarri dituela enpresak eta antolatzeko modu berriak bilatu behar direla.
Koldo Saratxaga
Hain justu aldaketa horien sustatzailea den pertsona baten hitzak entzuteko aukera paregabea izango da Oñatin. Koldo Saratxaga GBE-NER elkarteko presidenteak, uztailaren 6an arratsaldeko 18:30ean Unibertsitate Zaharreko Areto Nagusian Ekonomia sozialari buruzko esperientziak eta ekimenak izenburupean izango den mahainguruan arituko da, Karmele Acedo Servicios Sociales Integrados-eko gerentearekin eta ASLE elkarteko gerentea den Josetxo Hernandez Duñabeitiarekin batera. Mahaingurua, Patxi Ormazabalek gidatuko du, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak.
2006 urtetik hona EHUko Udako Ikastaroen barruan eskaintzen da Kongresua eta bertan parte hartzeak 30 orduko balio akademikoa du. Informazio gehiago aurki daiteke www.iisj.net webgunean.