Bufoiak barrez jarri zituen guztiak

Irati Goitia 2011ko uztailaren 2a

Erregea eta bufoia ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen atzo gauean Oñatiko Santa Ana aretoan. Ander Lipus aktorea eta Andoni Egaña bertsolaria izan ziren ikuskizuneko protagonistak, Unai Elizasu gai-jartzailea lagun zutela.

"Barre egitea ederra da". Hitz horiexek esan zituen emanaldiaren amaieran Elizasuk, eta benetan ederra dela. Ia bi orduz barre algara batean egon ziren aretora joandako ikus-entzuleak. Ander Lipus aritu zen bufoiaren paperean eta barrez jarri zituen bai ikusleak eta baita erregea bera ere hainbatetan (Egaña).

Bertsoa eta antzerkai uztartuta

Ikuskizunak bi arte mota ezberdin lotzen ditu: antzerkia eta bertsolaritza. Lipus aktoreak hainbat pertsonaia antzezten ditu: Jerry Always irlandarra, Juan Junda potosikotiko depresiboa, Inmatius eskalea, Manex Dominixine kantautorea edo Eusebio Egaña bertsolariaren anaia, besteak beste.  Pertsonaia horien guztien aho-jarioari bertsoz erantzuten die Egañak.

 Adibidez, Manex Dominixine iparraldeko kantautoreak edo Juan Junda Markinako bertsolari xelebreak barrez jarri zituen ikusleak. Hala ere, izan zen kritikarako unea ere. Inmatius eskalea eta Babes Ofizialeko Etxebizitza tokatu ez zitzaion gaztearen paperean sartuta zegoen Egañak, etxebizitza bat izateko eskubidea, zozketa bilakatzen dela salatu zuten.


Bat-batekotasuna

Inprobisarioaren erresuman sartzen zituen Elizasu gai-jartzaileak bi protagonistak. Gaia ezarri, guztiak ere Oñatirekin harremana zutenak, eta aktoreak zein bertsolariak erantzun egin behar zioten.
Lipusek bat-batekotasunerako trebetasun itzela duela erakutsi zuen. Egaña ere fin ibili zen aktorearen burutazioei erantzunez.
Emanaldi arrakastatsua, Lipusek ikuskizunaren amaieran bere amari eginiko telefono deian esan bezala, eta Egañak bere bertso batean hitz hauek ekarri zituen gogora: "Isiltasunik ez ezazu hautsi, edertzeko ez bada". Ongi edertu zuten isiltasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak