Egaña erregeak eta Lipus bufoiak umorez beteko dute Santa Ana

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko uztailaren 1a

Oñatiko bertso eskolak 'Erregea eta Bufoia' ikuskizuna ekarriko du Santa Ana aretora gaur, 22:30ean. Sarrerak 6 euroren truke egongo dira salgai.

Iñaki Olalde bertso eskolako kideak azaldu du euskaraz eta bat-batekotasunean oinarritutako ikuskizuna dela. "Aktore bat eta bertsolari bat, hitzekin jolasean, elkarren kontra, baina elkarri lagunduz, lehian baleude bezala. Ikuskizunak antzerkia eta bertsolaritza uztartzen ditu modu inprobisatuan; gertukoa, umorez betea eta era interaktiboan", dio Olaldek.

Aktorea eta bertsolaria

Aktore lanetan Ander Lipus ibiliko da eta bertsolaria Andoni Egaña izango da. Unai Elizasu izango da gai-jartzailea. Gaur egun plazarik plaza gehien dabilen gai-jartzailea da Elizasu, eta baita www.gaijartzailea.com atariaren egilea ere. Gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzte.

Bertso eskolak urtean bi bertso saio antolatzen ditu pilotalekuan. Irailean ohiko den San Migeletako bertso saiorik ez dute egingo aurten, urri erdi inguruan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio garrantzitsu bat Oñatin jokatuko delako. Hala, oporren aurretik beste ekitaldi hori antolatzeko ideia izan dute. Gainera, adierazi dute aurrerantzean ere ekitaldiak antolatzea dela euren nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak