Susana Arrese: "Korrika egiten disfrutatu gura dugu, ez dugu lehiatzeko grinik"

Mireia Bikuña 2011ko uztailaren 1a

Lagunekin korrika egiteko helburuarekin Korrika Txantxikutarrak taldea sortu berri du Susana Arrese oñatiarrak. Zarauzko Triku taldea oinarri hartuta, GOIENAn idatzitako iritzi artikulu baten deialdia egin zuen. Dagoeneko 15 emakumek osatzen dute taldea. Olatera bueltatxoa egiteko egun baten izan ginen eurekin, erretratua egiteko eta taldearen kontuak ezagutzeko.

Zergatik erabaki zenuen korrika egiteko taldea sortzea?
Buruan nuen ideia, baina ez nekien martxan nola ipini. Martxoan Lotsak baztertu eta animatu delako iritzi artikulua idatzi nuen GOIENA paperean. Han azaltzen nuen Oñatin geroz eta jende gehiago ikusten nuela korrika eta gehienak, bakarrik. Askotan leku beretan ibiltzen ginen. Elkar ez ezagutu arren, berba egiten genuen.
Korrika bakarrik egitea aspergarria da oso, eta erregularrak izatea oso zaila da. Binaka edo taldeka egitea dibertigarriagoa da, esfortzu sentimendua txikitu eta motibazioa handitu egiten delako.
Iritzia idatzi ondoren, emakume batzuk hartu-emanetan egon ziren nirekin, taldeka korrika egiteko asmoarekin.

Zeintzuk dira helburuak?
Taldean gaudenok korrika egiten asko disfrutatzen dugu, baina orain askoz gehiago. Korrika egiteaz gain, kontu kontari ibiltzen gara, barre egiten dugu... Gehienok ez genuen elkar ezagutzen.
Probetan parte hartzen dugunean denborak hobetzea ez da gure helburua, lehia zentzu bako filosofia daukagu. Guk bi kontzeptu ditugu: errealista izan eta malgutasuna. Nork bere gorputza ezagutu eta ahal duen erritmoan korrika egin.
Taldea gomendagarria da korrika inoiz egin ez dutenendako, korrika egin nahi baina ausartzen ez direnendako eta, oro har, beste pertsona batzuekin entrenamenduak, esperientziak, aholkuak eta beste partekatu gura dutenendako.

Triku taldea hartu zenuten erreferente moduan?
Bai. Egun 50 emakume eta bi mutil gaude. Facebook eta Google Group erabiltzen dugu elkarrekin hartu-emanetan ipintzeko. Taldeko kide gehienak donostiarrak dira eta oso zaila da eurek egiten dituzten ekitaldi guztietan parte hartzea. Trikukook egiten dugun moduan, Korrika Txantxikutarrak taldekook irteera egiten dugun bakoitzeko, errepasoa egiten dugu sare sozialetan.

Lasterketetan talde moduan egingo duzue korrika?
Domekan, uztailaren 3an, Torreauzoko krosean parte hartuko dugu. Gure artean komentatu dugu, akaso, bakarrik ez ginatekeela apuntatuko. Proba azkarra da, baina guk antzerako erritmoa daukagu eta talde moduan parte hartuko dugu.

Zenbat lagun zaudete taldean?
Taldea orain dela bi hilabete sortu genuen, eta dagoeneko adin guztietako 15 emakume gaude. Gure asmoa da kopurua handitzea, ordutegi eta ekintza aldetik taldea aberasgarriago egiteko.

Astero elkarrekin korrika egiteko hainbat deialdi egiten dituzue. Nolako harrera dute?
Facebook eta Google Group bidez egiten ditugu deialdiak: eguna, ordua eta elkartzeko lekua zehazten dugu. Parte hartu gura dutenek erantzuna botatzen dute, eta badakigu, gutxi gorabehera, zenbat lagun elkartuko garen.

Noraino joaten zarete korrika?
Kiroldegi aurrean elkartzen garenean erabakitzen dugu. Baina, jeneralean, Olate aldera joaten gara.

Elkarrekin korrika egiteaz gain, beste ekimenen bat antolatzeko aukerarik ikusten duzue?
Bai [Barre]. Giro polita daukagu eta zailena egin dugu: lotsak baztertu, animatu eta elkar ezagutu. Torreauzoko krosean urdaiazpikoren bat irabazten badugu, bazkari ederra egingo dugu. Elkar ondo ezagutzeko aitzakia bikaina!

Taldearen aurkezpena egingo duzue?
Oraingoz, ez. Gure asmoa da ahoz ahoko publizitatea egitea. Korrikarena taldea sortzeko aitzakia izan da, baina ez ditugu beste kirol batzuk baztertzen: bizikletan ibili, mendira joan, paseatu...Baina beti laguntzarekin, bakarrik inoiz ez.
Garbi utzi gura nuke taldeko kide egiteak ez dakarrela inongo konpromisorik. Egiten diren deialdietan gure dutenek bakarrik parte hartzen dute.

Taldean parte hartu gura dutenek zer egin behar dute?
Facebooken gaude. Han bertan egin daitezke gure lagun, edo, bestela, mezu bat bidali niri, susana.arrese@gmail.com helbidera. Guztiak animatu gurako nituzke, ez bakarrik emakumeak, baita gizonezkoak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak