Ganbara Abesbatzako kideek detaile guztiak zaindu dituzte. Arrantzale jantzita igoko dira eszenatokira. Lehenengo San Vicente de la Barquera delako kantua eskainiko dute –epaimahaiak aukeratutakoa–. Bigarren kantua taldeak aukeratu du, baina derrigor itsasoa hitza izan behar zuen. Oñatiarrek Barcarola abestuko dute. Azken kantua, taldearen apustu sendoa izan da. Eric Whitacreren Sleep kantuaren bertsioa da. Domekan, bigarren saioa egingo dute. Entzulearen saria zehazteko Javi Busto hondarribiarraren Sagastipean eta A tu lado habanerak abestuko dituzte.
Bi urteko etena
2009ko azaroan Avilesko lehiaketa irabazi ostean, hainbat aldaketa izan zituen nagusien Ganbara Abesbatzak. Esteban Urtzelai zuzendari kargua utzi eta haren lekukoa Aitor Biainek hartu zuen. Ordutik lanean gogor egon dira, eta aste bukaeran erakutsiko dituzte lehen emaitzak. Irabazteko ilusioarekin daude. "Badakigu zaila izango dela bi abesbatza on daude-eta. Baina taldeak soinu oso ona lortu du azken asteotan, eta hori izango da gure apustu nagusiena", esan digute.