Bakoitzak kontsumitzen duen energia norbera sortzeko gai izatea litzateke egokiena; zentzu horretan emandako pausoa da gaur aurkeztu duten ekimena, bultzatzaileen esanetan. Dena den, norberak sortutako argindarraren kontsumoa zeharkakoa izango da.
Xaflak edo haize-errotak jartzeko adinako sabai edo lursail egokia duten partikular, enpresa edo erakundeek eskaera egin ahal izango dute, instalazioa kosturik gabe egingo diete eta han sortutako argindarra sarera joango da; partikular, enpresa edo eraikin publiko horrek saretik, ohi bezala kontsumituko du gero argindarra.
Hori hasiera batean, ze Ennerako arduradun Agustin Iturriotzen arabera epe laburrera posible izan daiteke norberak sortua norberak zuzenean kontsumitzea, eta horrek argindar fakturan aurrezte bat eragitea.
Bestalde, Energiarorekin hitzarmena egiten duenak aukera izango du azpiegiturak lehenengo urteetan ematen dituen datuak ezagutu eta nahi badu, baldintza berezietan hura erosteko, argindar salmentatik eratorritako irabazien jabe eginaz.
Besteak beste, kanpotik ekarritako energiarekiko eta erregai fosilekiko menpekotasuna gutxitzeko balio dezakete gisa honetako ekimenek. Hala esan du Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak. Insaustik gaineratu du Europak jarritako betebeharra dela 2020rako kontsumitzen den energiaren %20 berriztagarriekin sortua izatea, eta egun Gipuzkoan %6 baino ez dela.
Energiaro ekimenarekin berriztagarrien pisua herrialdean %20 handituko omen da. Bultzatzailek adierazi dute eskala txikiko azpiegiturekin Gipuzkoan inoiz martxan jarri den esperientzia inportanteena izango dela. Lau milioi euroko inbertsioa egingo dute bi urtean proiektu honetan.