XVI. mende bukaera latza izan zuten oñatiarrek.
Bai. XVI. mendea oparoa izan zen oso. Herrian dauden eraikin esanguratsuenetako asko orduan egin zituzten: unibertsitatea, Bidaurreta, parrokiako zati handiena... Oñatik maila ona zuen, eta bizilagunak pozik bizi ziren, izurritea heldu zen arte.
Nondik heldu zen?
Itsasotik. Ordu hartan ogia egiteko garia itsasontzietan ekartzen zuten. Gariarekin arratoiak zeuden, eta arratoietan arkakusoak. Horiek arropatan ezkutatuta etortzen ziren. Izurritea sartu zenean, arropak erre egin zituzten, eta leku batzuetan, oheak ere bai. Orduko emakume aberats askoren dotea lihozko arropak ziren. Kaxatan gordeta izaten zituzten eta uste zuten arkakusorik ez zutela.
Dena den, itsasoa urruti xamar daukagu.
Lehen orain baino hartu-eman sendoagoa genuen kostaldearekin. Itsasotik ekartzen zuten produktua barnealdeko herrietara, eta alderantziz, hemengo produktuak saltzeko itsasoaren beharra zegoen. Hemengo produkzioa Hego Ameriketara begira egiten zen.
Lagun asko hil ziren?
Urterik gogorrenak izan ziren 1597 eta 1598. Lehen udan 200 bat lagun hil ziren eta bigarrenean 1200 bat. Kopuru handia da, kontuan hartuta ordu hartan 5.000 lagun bizi zirela Oñatin. Baina dokumentu guztiek diote hildako kopurua 1.200-1.400 artean egon zela. Dena den, galera handia izan zuen herriak: ekonomikoki, eta batez ere, moralki.
Gizartea ikaratu egin zen?
Ikaratu eta beldurtu. 1597ko udan 200 lagun hil ziren, baina pentsatu zuten neguko hotzekin izurritea bukatu egingo zela. Baina, hurrengo urteko uda askoz gogorragoa izan zen. Hori horrela, beldurtu egin ziren. Bekatuak ekarritako zigor jainkotiarra zela uste izan zuten, eta aurrera joan ahala, munduaren bukaera, apokalipsia etorriko zela uste izan zuten. Oñatik ez du halako pasadizo lazgarririk izan bere historia guztian. Euren kezka zen herria desagertu egingo zela.
'Gaixotasun beltz hori' deitzen zioten izurriteari.
Orduko bizilagunek oso barneratuta zuten bizitzaren ondoren heriotza zegoela. Baina, ez zuten ondo ulertzen halako hilketa jendetsua.
Oñatin gogor astindu zuen izurriteak. Eta inguruko herrietan?
Donostian kalte handia egin zuen, baita Lekeition eta Kantabria aldean ere. Seguruenik handik etorri zen hona.
Barnealdean heriotza asko eragin zituen, adibidez, Seguran. Hango bizilagunek hartu-eman sendoa zuten Gasteizekin. Dena den, kasu bitxiak bazeuden: adibidez, Azkoitian gogor astindu zuen, baina Azpeitian ez. Oñatin ere lagun asko hil ziren, baina Arrasaten eta Bergaran ez.
Zergatik?
Izurritearen ondorioak ikusita babes neurriak hartu zituzten. Elkartasun eza izan zen nagusi. Inguruko herrietako bizilagunak euren osasunaren alde egin zuten.
Hildakoez gain, ze beste ondorio izan zituen izurriteak?
Izurritearengatik hil ez zirenak, gosez hil ziren. Baserrietan egiten zen garia galdu egin zen. Ez zuten inora eroaten. Ez zuten ogirik egiteko aukerarik, eta ordu hartan ogia behar-beharrezko jakia zen.
Bestalde, etxeren baten pertsonaren bat gaixotzen bazen, ateak ixten zituzten. Oñatin kale batzuetan batzen zituzten gaixoak. Mendiko kalea hormatu egin zuten eta han sartu zituzten gaixo guztiak, sendatu edo hil arte.
Izurriteak gizarteko sektore guztietan eragin zuen berdin?
Gehienbat pobreak eta emakumeak, baina baita ere, besoetako umeak eta neska-mutikoak. Orduko aberatsenak azkar egin zuten ihes izurritearen lehen ondorioak agertzen hasi zirenean.
Kutsakorra zen?
Oso kutsakorra. Arnasarekin, txistuarekin, estularekin... Ordu hartan bazegoen ospe handiko medikua Oñatin: Argantzo izenekoa. Hark bazituen erremedioak etxea garbitzeko eta osasuntsu mantentzeko, baina ez zuen sendagairik izurriteari aurre egin ahal izateko.
Zeintzuk ziren sintomak?
Lepoan, besapean eta izterrondotan buboi handiak irteten zitzaizkien. Handik dator peste bubonica izena. Buboi haiek supuratu egiten zuten. Oso minkorrak ziren eta sukarra eragiten zuten. Gaixotasuna harrapatzen zutenek hiru egun irauten zuten, asko jota. Laugarren egunetik aurrerakoak bizirik irteten ziren. 10 lagunetik bat edo bik bizirauten zuten.
Familiek erremediorik hartzen zuten?
Ahal zuten guztia egiten zuten. Mina oso handia zen eta asko zoratu egin ziren. Familia asko desagertu egin ziren: kide guztiak hil ziren eta abizen asko galdu.
Batzuek, baina, neurriak hartu zituzten. Soraluzeko familia bateko kide guztiak gaixotu egin ziren, eta familia ez galtzeko erabaki zuten etxe kanpoan kaiola bat egitea. Han sartu zituzten seme gazteena eta haren zaintzailea. Gainerako kideak etxean sartu ziren. Etxe barrukoak hil egin ziren, eta seme gazteena ez. Familia kontzeptua oso inportantea zen lehen, orain baino gehiago, eta etorkizuna bermatzea ezinbestekoa zen.
Izurriteaz gain, beste hainbat faktorek eragin zuten orduko Oñatin.
Goseteak, armadaren eragina, 1593ko San Mateo eguneko uholdeak... XVI. mendeko azken 10-12 urteak ikaragarri txarrak izan ziren.