14 korrikalari afrikar izango dira lehian zapatuan Oñatin jokatuko den herri lasterketaren bederatzigarren edizioan. Iaz Euskal Herriko txapelketa egin ondoren, aurreko edizioetako ohiturari berriro heldu eta kontinente beltzeko atleten aldeko apustua egin du berriz ere antolakuntzak, ikuskizun handiena bermatze aldera. Parte hartuko duten 14 korrikalarietan 6 keniarrak dira: Elicky Mase Almeriako maratoi erdiko aurtengo irabazlea, Hosea Kosgei Donostiako maratoi erdian bigarren 2008an, Amos Kaptich Palmako maratoi erdian bigarren aurten, Benson Olenakeri Gavako maratoi erdiko irabazlea, Benjamin Rotich Bartzelonako maratoiko irabazlea eta James Mayur. Eritreakoak dira lau korrikalari: Hais Weldai iazko Munduko txapelketan 3.000 metrokoan finalista eta bere herrialdeko distantzia bereko errekorraren jabe 7 minutu eta 37 segundorekin, Tesfagaber Ayahuney aurtengo Hoz del Huecarko maratoi erdian hirugarren eta Amanuel Mesel eta Merhawi Tadese bosmila metro 13 minutu eta 22 segundoan eta 13 minutu eta 46 segundoan egiten dituztenak hurrenez hurren. Marokotik bi atleta etorriko dira: Abderrahim el Jaafari Salouko, Castelloko eta Iruñeako maratoi erdietan aurten irabazle eta Lhoussaine Dame Punta Parayasko nazioarteko krosean onena. Hegoafrikak ordezkari bat izango du zapatuan Oñatin, 1.500 metroak hiru minutu eta 39 segundoan eginak dituen Molefe Molefe eta Argeliatik beste korrikalari bat etorriko da: Nordine Negazzi. Ibilbidea betikoa izango da: postetxean hasi eta plazara, Atzeko Kalean gora eta Kale Barrian behera, Kale Zaharra eta Unibertsitate etorbidetik berriz ere plazara. Zazpi itzuli eta erdi, 10.000 metro guztira. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da lasterketa. Emakumezkoen probarik ez da egongo aurten, eta gizonetan ere antolakuntzak kontratatutako aipatutako korrikalariek bakarrik hartuko dute parte. Korpus jaietan murgilduta, herriko kaleak berez egoten dira jendez lepo zapatuko egunez, eta herri barruko barrutia gune ezin-hobea da gutxitan ikusi ahal izaten den ikuskizunarekin gozatzeko. Zaleak korrikalarien gain gainean, giro ederra sortuko da oraingoan ere lasterketaren bueltan. Elite mailako lasterketa baino lehen, eguerdian hasita neska-mutikoen lasterketak jokatuko dira plaza inguruko barrutian.