Rocketik metalera egin duzue salto.
Hasieran rock-and-rolla egiten genuen. Baina heavy metal doinuek harrapatuta, estilo horretan murgiltzea erabaki genuen. Zailena bateria-jotzailea topatzea izan zen. Baina 2008an gure taldea, proiektua osatu genuen. Erockaldeko lokaletan errotuta, tokia hartu eta hasi egin ginen.
Sei abesti oso ezberdinak.
Heavy metal oso azkarra topatuko duzue. Abestiak ez dira oso luzeak, nahiz eta gure minutuak izan. Eta, nola ez, heavy metaleko akustikoko uneak ere jasotzen ditu gure maketak. Oñatin, gaur egun, heavy metala gutxi entzuten da eta jendeak gure musika gustura jasotzen duela uste dugu. Asfikzia eta Black River ere hor daude, baina ez daukagu antz handirik.
Oñati heavy metalaren gotorleku izan da. Horrek eragina izan du zuengan, ala?
Guk Latzen eta Su Ta Gar asko entzun ditugu. Baliteke horien eragina nabaritzea. Baina heavy metala egiten duten musikariak oso teknikoak dira; gure musika oraindik ez da horren perfektua. Dena den, jarraitzaileak baditugu eta horrek motibatu egiten gaitu zuzenekoetan. Gure zaleak sutsuak eta finkoak dira [Barre].
Gordintasuna melodia goxoekin eta erritmo aldaketa bortitzekin uztartu duzue.
Alde melodikoa badago, baina, esan duzun moduan, erritmo aldaketak ere badira. Ez dugu heavy metala bere osotasunean egiten. Musika asko entzuten dugu eta influentziak igartzen dira gero musika egiten dugunean. Bateria-jotzaileak, esaterako, tinbalen doinuekin eta abiadurarekin jokatzen du. Stoner ukitua ere badaukagula esan dezakegu. Izan ere, abesti bat konposatzen dugunean, gitarren erritmo aldaketa horiek nabaritzen dira.
Komunikabideen barnean inkomunikazioa, beldurra sartzea da zuen bizibidea, diozue...
Hitza ukatuz… demokrazia eraiki kantuan, salatu nahi duguna da Espainiako Estatuak abiatu duen adierazpen askatasunaren kontrako programa hori. Ahotsak isilarazi nahi dituzte eta horren aurka egiten dugu.
Aldarrikapen mezuak dira nagusi zuen letretan.
Bai, halaxe da, gure kantuak aldarrikapen mezuak dira. Euskal Rock Erradikalaren barruan sartuko ginen. Letra zuzenak dira, metafora alde batera utzita; horretan ez daukagu heavy metaleko letrekin zerikusi handirik.
Mandolinaren doinua ere erabili duzue.
Akustikoan mandolina erabili dugu ukitu italiarra emateko. Bestelako abesti bat egin nahi genuen, zerbait berezia egiteko asmoz egin genuen. Gustatu zitzaigun nola geratu zen Matxinadak abestia, eta horrela utzi dugu.
Eta punteatze azkar eta zorrotzak aurreko mandolinaren doinu horiekin guztiz apurtzeko.
Abesti heavyetatik, abiadura eta indar handiko kantuetara salto egiten dugu diskoan. Ezberdinak diren kantuak topatuko dituzue diskoan.
Noizko lehen lana?
Materiala Mutrikuko estudioan, Nahixan taldeko Axularren eta Potemkin taldeko Iban Idigorasen laguntzarekin grabatu genuen iaz, udan. Orain, azken ukituak eta diseinua egin eta kaleratzea falta zaigu!