Oñatiko Santxolopeztegi auzoan, Fagor Industrialen egoitza nagusiaren alboan dago kooperatibaren show-room berria. Bost hilabeteko lanen ondoren eta 650.000 euroko inbertsioarekin 625 metro koadroko azaleradun gunea geratu da. Bertan jarri dituzte ikusgai lantegian egiten dituzten produktuen modelo berrienak: labeak, sukaldeak, garbigailuak, arropak lisatzekoa... eta bezeroei erakutsiko diete ze ezaugarri duten eta nola funtzionatzen duten.
Duela urtebete pasatxo ekin zion Fagor Industrialek Show-roomen bitartez bezeroekin harreman mota berri hau izateari. Beste lantegi batzuetan jarri zituzten aurreneko erakustokiak, eta emaitza onak eman ei dituzte.
Fagor Industrial bere sektoreko lider da Espainian, aurreneko lauzpabost enpresen artean dago Europan eta 10 garrantzitsuenen artean munduan. Iaz 180 milioi euroko fakturazioa izan zuen, batez ere atzerriko salmentek %5 egin zutelako gora; aurtengo aurreikuspena da atzerriko salmenta horiek %10 haztea.