Gabriel Garcia Marquez, gertu gertutik Oñatin

Julen Iriondo 2011ko ekainaren 9a

Literaturako Nobel saridun kolonbiarra bera ez da gurean izan, baina bai bere lehengusina Margarita eta 50eko hamarkadan idazle handiaren neskalagun izandako eta oraino laguna duen Tachia Quintanar, urteetan Parisen bizi den eibartarra. Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza fakultatean izan dira goizean, Cien años de soledad bezalako lan handien egilearen inguruan ikasleekin solasean.

Ez da egunero izaten Literatura Nobel saridun baten gainean haren hain gertuko diren bi pertsonarekin jarduteko aukera. Zorte horixe izan dute gaur Enpresagintzako ikasleek.

Bilboko Arte Ederretako museoko erakusketa baten inauguraziora euskal erakundeek gonbidatuta etorri da Margarita Garcia Marquez, idazlearen lehengusina eta urteetan harekin lanean diharduena, eta berarekin elkartu eta egun batzuk batera pasatzeko aprobetxatu du Tachia Quintanar Gabriel Garcia Marquezen neskalagun izandakoak, Eibarren jaio eta Bilbon hazitakoak, aspalditik bizileku duen Parisetik propio etorrita.

MUk aukera izan du biak Oñatira ekartzeko, eta haiekin solasean jardun dute ordubetean ikasleek, bertakoak batzuk baina ikasle truke programa baten bitartez guren diren gazte kolonbiarrak gehienak. Idazle handiaren arlo pertsonala, obra eta bitxikeriak izan dituzte hizpide.

Bere idazkeraren ezaugarri den errealismo magikoa nabarmendu du Tachia Quintanarrek, eta pertsona gisa adiskidetasunari ematen dion garrantzia eta goxotasuna. 50eko hamarkadan Parisen ezagutu zuen Garcia Marquez Tachia Quintanarrek. Blas de Otero idazle bilbotarra bezala, kolonbiarra ere maitale izan zuen Quintanarrek.

 

Poesiaren militante definitzen du bere burua Quintanarrek. Idatzi ez du egiten, baina urteak daramatza errezitatzen, arrakasta handiz, Parisen eta Europa osoan. Gaurko saioari ere amaiera bikaina eman dio, zenbait olerki errezitatuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak