Zelan sartu zinen Gazte Ekoliderren proiektuan?
Ikasketak amaitzeko, industrialde bat ekosistema industrial bilakatzeko proiektua egin nuen, eta gai horrekin hasi nintzen alor honetan sakontzen. Gero, iaz proiektu honetan parte hartu zuen batek ere animatu ninduen.
Baina edonor ez da proiektuaren parte izaten, aukeraketa egiten dute. Nonbait, meritua duzu.
Elkarrizketa pertsonala egin ziguten, eta gero, aukeratu egin ninduten. Arrazoi zehatzak ez dakizkit.
Zein izan zen ikasketen amaieran egin zenuen proiektuaren funtsa?
Industrialde bat hartu genuen, eta, bertan ekoizten zena kontuan hartuta, hondakinak murrizteko, dirua aurrezteko eta jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko sare berriak diseinatu genituen. Azken finean, enpresa batentzako hondakinak direnak beste batentzako lehengaiak dira, eta horiek egoki kudeatzea zen guk proiektuarekin proposatzen genuena.
Gaur egun gauza asko alferrik galtzen dira?
Bai. Batek zakarretara botatzen duena beste batek produktua ekoizteko lehengai moduan erabiltzen du.
Ikuspegi ekologikotik begiratuta, zu bizi zaren ingurua zelan deskribatuko zenuke?
Industrialde asko daude inguru honetan eta azken urteetan hainbat gauza egin dira, batik bat kutsadura txikitzeko. Hala ere, oraindik ez dakit kontzientziazioa zein mailatan dagoen. Askotan, enpresek kalera begira egiten duten aurpegi zuritzea izaten da; legeak esaten duena egin eta listo. Norbanakoak kontzientziatuago daudela esango nuke, azken urteetan batik bat.
Ikuspegi horretatik legea leunegia dela deritzozu, ala?
Europatik-eta lege batzuk heltzen dira, baina haiek ere ez dakite zelan jarri indarrean. Enpresa handiek ere gauzak egin behar dituzte.
Zure zaletasunak jasangarritasunaren alorrarekin lotuta daude?
Ez asko. Kontzertuetara joatea gustatzen zait, eta orokorrean musika entzutea.
2011ko Gazte Ekoliderra izango zinela esan zizutenean pozik sentitu zinen?
Egia esan, bai. Abenduan esan zidaten, eta, langabezian nengoenez, pozik hartu nuen proiektu honetan parte hartzeko aukera. Eta ez naiz damutzen.
Zer da proiektu honetan egiten duzuna?
Hiru fase daude: Trebatu, Ekin eta Izan. Lehenengo fasean hitzaldiak eta bestelako mahai-inguruak egiten ditugu. Gero, Ekin fasean, alor ezberdinetako proiektuak egiteko aukera daukagu, Kutxak babestuta. Azken fasea izatearena da. Entretenigarria da.
Epe luzera alor honekin lotutako helburu finkoren bat baduzu?
Momentu honetan gure proiektua, energia berriztagarriekin lotutakoa, martxan jartzea litzateke helburu nagusia.
Zer esango zenieke ekologian sinesten ez dutenei?
Jasangarritasuna eta iraunkortasuna nahastu egiten ditugu eta azken hori da bultzatu behar duguna. Naturak ematen diguna finitua dela esango nieke eta horren aurrean zer edo zer egin behar dugula.
Zer iritzi duzu biodiesel eta bestelako produktuen gainean?
Ez naute konbentzitzen. Behin entzun nuen moduan, garraioa helbide izan beharrean helburu bilakatu da.
Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Alor honek ate ugari zabaltzen ditu eta lanerako aukera asko daude. Baina bai, horrelako zer edo zertan lan egin nahi dut.