Baketik-ek eta Tau Fundazioak antolatuta, atzo hasi eta larunbatera bitartean, Afrikako V. Astea ospatzen ari dira. Jardunaldion bitartez, Arantzazu Afrikara eramango dute eta Afrika Arantzazura ekartzea da euren asmoa, bi helburu garbirekin: euskal herritarrak Afrikako arazo etniko eta demokratizatzaileetara hurbiltzea Bubi herriaren kasu zehatzaren bitartez, eta baita gatazkaren ebazpenari, demokratizazioari eta berradiskidetzari buruzko formazioa eskaintzea komunitate horretako 50 laguni.
Jardunaldiak hiru ildo nagusi jarraituko ditu; atzo demokratizazioa aztertu zuten, gaur etnizitatea eta bihar Afrikaren etorkizuna edo itxaropena aztertuko dute.
Afrikako Astearen zuzendari Mbuyi Kabundak azaldu digu, euren kontinentean demokratizazioa esperientzia berria dela; 80. hamarkada amaieran hasi zirela ezagutzen eta 20-bat urte besterik ez daramatela demokratizazioarekin. Hala ere, demokratizazioa Afrikan prozesu gaztea da eta oraindik irregulartasunak daudela gaineratu digu Mbuyi Kabundak.
Bubi herriaren kasua
Ekuatore Gineako Bubi herriaren kasua aztertzen dabiltza zehazki. Hogei mendetik gora daramatza Bubi herriak, 100.000 lagun inguruko etniak, bertan bizitzen; kopuru horren erdia erbesteratua bizi da eta 1968tik aurrera eta Espainiako deskolonizazioaren ondorioz, komunitate horri Ekuatore Gineako estatura atxikitzea inposatu zitzaion. Ordutik herritar horiek Macias-en eta Obiang-en diktadurak baino ez dituzte ezagutu.
Hitzaldiak
Jardunaldiak zuzenduta daude errealitate hori ezagutzea interesatzen zaien pertsonei eta oraindik aukera daukate zapatura bitartean, Arantzazura bertaratu eta Afrikako errealitatea gertu-gertutik ezagutzeko. Egubakoitzera arteko hitzaldiak arratsaldeko 18:00etan hasten dira, eta zapatukoak, berriz, goizeko 10:30ean.