Hard rock, garage, post punk eta surf doinuak demoan.
Garage-rock diskoa da. Abesti motzak eta azkarrak dira, erraz entzuten direnak, konplikazio bakoak. Oso basikoa da egiten dugun rock-and-rolla. Taldekide bakoitzak estilo propioa dauka eta hori abestietan igarri egiten da. Dibertitzeko diskoa da!
David Attenborough, umorerik ez zaizue falta!
Kantua txantxa bat da, jolas bat. Guk taldea denbora-pasa moduan daukagu eta egiten duguna jolasa da; hori islatzen dugu. Animalia batzuk izango bagina bezala, jolas bat irudikatu dugu kantuan. Attenborough BBCko Felix Rodriguez de la Fuente da.
Zure Begiak kantuan Stooges-en gitarra zikinen eragina nabari da.
Ramones edo Stogges taldeen post punka igartzen da. Doinurik gogorrena daukan abestia da.
Uaouh, Miauh & yeah!
Gure arima islatzen du diskoak, jolas arima hori. Gure bat-batekotasuna mantentzen du izenburuak. Dena kasualitate batetik irten da; ez geneukan ezer egiteko asmorik eta pixkanaka kantuak egiten hasi ginen eta zuzenekoak eskaintzen. Gure letrak umoretsuak eta gertukoak dira, garrantzi txikikoak. Desamodioari ere abesten diogu modu naturalean eta gure buruari barre eginez.
Abesti azkarrenak, sinpleenak eta zuzenenak dira arrakasta izaten dutenak kasu askotan.
Uste dut jendea super banda perfektuekin aspertuta dagoela. Publikoak beste zerbait eskatzen du. Gu ikusten gaituenak ez du aparteko punteatzerik ikusiko, ez gara musikari profesionalak. Jendeari gustatzen zaiona abesti zuzenak eta motzak dira; erraz entzuten direnak, ondo pasatzeko. Badu bere xarma…
Rock-and-rolla mundua aldatzeko bidea da?
Musika bizitza ulertzeko bidea da. Guk ez dugu mezurik bidali nahi, helburua ondo pasatzea da, beste barik!
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez abesten duzue.
Euskaldunak garela eta euskaraz bizi garela argi daukagu, baina horrek ez du esan nahi beste musikarik ez dugunik entzuten. Euskaraz bizi garen arren, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen eta entzuten ditugu. Beste hizkuntza batzuek ere eragina dute gure bizitzan.
The Rolling Stones handiari keinua.
Under my thumb abestiaren bertsioa da Lur azpian. Berdin ez jotzeagatik, erritmoa pixka bat aldatu diogu, baita letra ere.
Abesti berriak prest?
Azarorako bost abesti grabatu nahi ditugu, single binilo formatuan. Asmoa da urtero zerbait grabatzea. Abesti berriak gure zuzenekoetan ere entzun daitezke: ekainaren 17an, Ondarroako Kafe Antzokian eta uztailaren 8an Oñatiko Antton tabernan izango gara.
60ko hamarkadako garageari omenaldia
"Gore Gore Girls taldeari keinu edo omenaldiak Gora Gora Kids-en estiloa eta gustuak deskribatzen ditu: atzoko eta gaurko garage-rocka. Donostiako talde honen lehenengo lanak dituen 7 abestietan, musika egin eta honetaz disfrutatzeko duten gogoa transmititzen dute, 23 minututan zehar, lau hizkuntza desberdinetan abestutako garage doinuak (David Attenborough) eta surf ukituak dituzten abestiak (I wanna say) aurkitu daitezke Uaouh, Miauh & yeah! vol.1 izeneko maketan, Lan honetan, The Sonics, edo The Cynics klasikoen eragina antzematen da eta baita Black Lips bezalako taldeena. Rolling Stones taldearen Under My Thumb bertsioa ere egin dute, hori bai, abestiari euren labela jarriz".
Ander Monedero