Udako kongresua egingo duzue uztailaren 6tik 8ra.
Sol Picciotto: Ikasturte bukaerako ekitaldi potoloena egitea falta zaigu. Guk antolatzen dugu, Mondragon Unibertsitate, Deustuko Unibertsitate, EHU eta Euskal Herriko Kooperatiben Kontseiluaren laguntzarekin.
Urtero gaia aldatzen duzue. Zein izango da aurtengoa?
S.P.: Oro har, giza ekonomiari buruz egingo dugu berba, pertsonak aurretik jartzen dituzten jarduera ekonomiko eta antolaketa formak aztertuta. Krisi ekonomikoko egoeran, premiazkoa da azkeneko urteotan ontzat jo diren ikuspegi batzuk birpentsatzea, beste negozio sistema eta antolakuntza ekonomikoen esperientzia berriro diseinatuta eta ideia eta erreforma berriak aztertuta. Horren barruan, kooperatibismoak leku zabala hartuko digu. Kooperatibismoa oso inportantea da, bai hemen eta baita mundu zabalean ere. Mondragon Taldea erreferente da askorendako.
Gai hau aukeratu dugu krisiaren ondoren gori-gori dagoen gaia delako. Irtenbideak ematen ahaleginduko gara.
Gai horren inguruan berba egiteko, mundu mailako espezialistarik onenak etorriko dira gurera. Oraingoz, 70 bat lagunen izenak ditugu. Dena den, aurreko urteetako parte-hartzea ikusita, 200 bat espero ditugu. Argentina, Brasil, Mexiko, Miami, Hong Kong eta Portugalgo ikertzaileak etorriko dira. Eta baita Mondragon Unibertsitatekoak ere.
Bi eguneko kongresua da, baina ekintza askorekin.
S.P.: Udako kongresua oso intentsua izaten da. Irekiera ekitaldiaren ondoren, hitzaldi eta mahai inguru asko izango ditugu. Dena den, informazio gehiago gura duenak www.iisj.net atarian begira dezake. Hor zintzilikatu ditugu kongresuaren egitaraua eta izen-emate orria.
Udako kongresuaz gain, beste hainbat ekintza antolatzen duzue.
S.P.: Udako kongresua da ikasturteko azken ekitaldi nagusia, baina urtean zehar beste bospasei ekitaldi antolatzen ditugu. Adibidez, irail bukaeratik martxo bukaera arte masterra antolatzen dugu. Nazioarte mailako 15-20 ikasle hartzen ditugu. Eskolak hartzen bukatzen dutenean, euren herrialdeetara bueltatzen dira tesina egiteko. Bestalde, apiriletik uztailera arte Work Shop direlakoak antolatzen ditugu. Astero gai ezberdin baten inguruko tailerrak egiten ditugu. 20 bat lagunek parte hartzen dute.
Nazioarteko Lege Soziologia Institutua erreferente da?
S.P.: Bai, hala da. Mundu mailan oso ezaguna da lege soziologia lantzen duten ikerlari eta espezialisten artean. Lege soziologiari buruz berba egiten dugunean Oñatiko unibertsitatea hartzen dute oinarri moduan.
Irailean utziko duzu kargua. Nola laburbiltzen duzu bi urteko egonaldia?
S.P.: Oso gustura egon naiz. Oso aberasgarria izan da. Alde batetik, norberak ematen duenagatik, eta beste alde batetik, nik jaso dudanagatik. Aurrerantzean, bi urtean, zuzendarien ordezkaria izango naiz Patronatuan, eta urtean bitan etorriko naiz Oñatira bileretan parte hartzera.
Nola aukeratzen duzue zuzendari zientifikoa?
S.P.: Patronatuan daude Lege Soziologiako Ikerkuntza Komiteko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Lege soziologiako adituek hautagai zerrenda proposatzen diote Patronatuari; azken horrek aukeratzen du.
Irailetik aurera, lehen aldiz, emakume zuzendaria izango duzue. Angela, pozik zaude?
Angela Melville: Bai. Ardura handia duen postua da, baina gustura egingo dut lan. Oñati ezagutzen dut. Aurretik zazpi alditan egon naiz unibertsitatean masterreko ikasleei eskolak ematen. Hori horrela, ez zait arrotza egingo. Gainera, langileak ezagutzen ditut.
Urduri nago, baina Solen aholkuak kontuan hartuko ditut. Bestalde, lanera eta aisialdirako oso aproposa da Oñati: mendiak, hondartza oso gertu... Erronka handia da. Dena den, iraila heltzeko gogoa badaukat.
Lehen emakume zuzendaria izango zara.
A.M.: Bai, orain arte gizonezkoek bete dute kargu hori. Lehen emakume zuzendaria izateak, beste plus bat ematen dio karguari. Dena den, moldatuko naiz.
Langileak ezagutzea ere abantaila izango da, ezta?
A.M.: Elkarrekin lan egitera ohitu egin beharko dugu. Nork bere ohiturak ditu, baina euren laguntzarekin azkar ohituko naiz.
Australiarra zara, baina Manchesterren bizi zara.
A.M.: Zazpi urte daramat Ingalaterran ikerketak egiten. Zuzendari zientifiko kargua bete ondoren, Australiara itzuliko naiz Adelaidako unibertsitatera irakasle lanak egitera.
Dena den, unibertsitateko lana egiteaz bat, zure ikerketekin jarraitzeko aukera izango duzu.
A.M.: Arduragabekeria-medikuen gaineko ikerketarekin dihardut, gaixoek eta euren senitartekoek izandako arazoak ikertzen. Zuzendari kargua hartzen dudanean, ikertzen jarraituko dut.