Urteroko kirol eskaintzez gain, berrikuntzak izango dituzte aurten: alde batetik, multiabentura delako kirol eskaintza: egubakoitzetan bakarrik eskainiko dute, eta kirola aldatu egingo dute astero (mendi bizikleta, eskalada, orientazio lasterketak...). Beste alde batetik, neskendako paleta. "Mutilek, gehienbat, pilotan egiten dute. Paleta neskendako aukera izango da", esan digute kiroldegiko arduradunek.
Gainera, erraketarekin egiten diren kirolen jinkana egiteko aukera izango dute; xakean, hastapen eta hobekuntza saioak egingo dituzte; eta gazteendako aquaerobik egingo dute. Bestalde, eskaera aintzat hartuta, igeriketa ikastaroa gehiago egingo dituzte aurten.
Txanda aukera ezberdinak
Azken urteen antzera, txanda aukera ezberdinak izango dituzte erabiltzaileek. Txanda nagusiak bi izango dira: ekainaren 27tik uztailaren 8ra eta uztailaren 11tik 22ra. Kirol batzuk txanda bakarrean egingo dituzte: ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Abuztuan bi txanda daude: 2tik 12ra eta 16tik 26ra.
Ekainaren 2an zozketaren emaitzak ipiniko dituzte kiroldegi sarrerako taulan, eta han zehaztuko dute ume bakoitzak noiz eman behar duen izena. Behin betiko izenemate epea ekainaren 6an, 7an, 8an, 9an eta 10ean egin beharko dute.