Askotariko materiala jaso gura dute, eta gaika antolatuko dute: musikarekin zerikusia dutenak atal baten ipiniko dituzte; teknologia eta elektronikako gailuak beste txoko baten; umeendako direnak euren lekua izango dute –jostailuak, ipuinak, arropak...–; eta, kirolarekin zerikusia dutenak beste txoko baten. "Guretako proiektu berria da, baina gogotsu gaude. Ahal dugun material gehien batu gura dugu. Hori horrela, deialdi zabala egin gura dugu herritarren artean. Ekar dezatela etxean baztertuta duten hori", esan digute Jump In taldeko kideek.
Prezioa
Saltzeko gauzak ekartzen dituzten pertsonek zehaztu beharko dute zenbatean saldu gura duten, eta irabazitako horretatik, zenbat diru eman gura duten Gobernuz Kanpoko Erakundearendako. Hori da-eta Enpresagintzako ikasleen helburua. " Batutako dirua GKE bati emango diogu. Azoka musu-truk antolatuko dugu. Hori horrela, herritar bakoitzak erabaki beharko du zenbateko ekarpena egin gura duen", diote antolatzaileek.