Soslaia |
| Duela 37 urte Oñatin jaiotakoa, zientzia politikoan eta soziologia industrialean lizentziatua da Amaia Intza, eta zientzia politikoan doktorea ere bai. Lanbidez irakaslea, Hamaikabat alderdiko zinegotzi eta Kultura batzordeko buru izan da azken agintaldian. Ezkongabea, aita ere zinegotzi izan zen eta etxean beti hitz egin omen dute gai politikoen gainean. |
Zer eskaintzen dio H1! alderdiak Oñatiri?
Bizkar hezurrean justizia soziala duen gure egitasmoaren nahi behinena, etorkizunean oñatiarrok hobeto bizitzeko erroak lantzea da.
Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusiak?
Gizarte ongizatea
-
Egoera ekonomiko traketsean daudenei arreta eta lan munduratzeko tresnak martxan jartzea.
-
Orokorrean gizartearen zahartzearen ondorioz jazotzen diren arazoei justizia sozialaren begiradapean irtenbidea aurkitu, hala nola, zaharrei beraien etxebizitzetan duintasunez bizitzeko aukerak bermatu, zaintzara dedikatzen diren instituzioei sostengua eta familiaren barruan zaintzaileak direnei babesa eta bitartekoak luzatu.
-
Lan munduan zein gizarteko arlo guztietan emakumearen promoziorako neurriak.
-
Arlo guztietako politiketan genero ikuspuntua zeharkakotasunez bideratzeko proposamena.
Hirigintza eta zerbitzuak
-
Gune berrietara irisgarritasun plana zabaldu.
-
Egoera degradatuagoan dauden auzuneen hobetzea, Kasablanka kasu.
-
San Martineko auzune berria egokitu eta bertako zuhaiztia aisialdirako txukundu.
-
Bidegorri sarea osatu.
-
Plazako aparkalekua kendu eta gaztetxoen aisialdirako egokitu.
-
Garraio publikoaren aldeko apustua egiten jarraitu.
-
Autobusen ibilbidea aldatu, herriko zentrotik desbideratuz (Euskadi etorbideko geltokia Aita Lizarraldera aldatuz).
-
Segurtasun neurriak areagotzea, azkenaldian buruhauste handien iturri dira-eta.
Ingurumena, nekazaritza eta turismoa
-
Herriko azpiegituren saneamendua egiten jarraitu.
-
Energia aurreztu eta kutsadura gutxitzeko abian jarritako neurriak garatzen jarraitzeko konpromisoa.
-
5. edukiontziaren aldeko apustua.
-
Energia berriztagarrien tresnagintzan proiektuak garatzeko nahia, eguzki zein energia termikoaren inguruan.
-
Lehenengo sektorearen inguruko lanbide berrien sorrera laguntzen jarraitu.
-
Sandaili errekuperatu eta balioan jartzeko egitasmoak aurrera eraman.
Euskara
-
Euskara dinamizatzeko sormenezko ekimenak martxan jartzeko nahia.
-
Euskararen sustapenean lan egiten duten norbanako zein taldeen sostengua; herri ekimenekin langintza berreskuratu.
-
Euskara etorkinei gerturatzeko tresna izateko planak garatzen jarraitzea.
Kultura
-
Orain arte bezala, kalitatezko antzerki eta ikuskizunak, komertzialagoak diren proposamenekin uztartzea.
-
Gure herriko aberastasun iturri diren kultur taldeen ekimenen babesa eta sostengua.
-
Kultura adierazpen anitzei (argazkigintza, margoa, abesbatzak, dantza…) erakusleihoak eskaintzen jarraitu.
-
Foru Aldundi zein Jaurlaritzarekin kultur hartuemanak areagotu eta lankidetza estutu.
-
Etorkinek jatorrizko herrietatik dakartzaten kultur espresioetara gerturatzeko nahia.
-
Jakintza arlo ezberdinetara hurbilduko gaituen hitzaldi askotarikoei babesa ematen jarraitzeko nahia.
-
Bailara mailako festibalen aldeko apustua (Mundumira…).
-
Oñatiri buruz edo oñatiarrek burututako lanen argitalpenak sustatu.
-
Kultur kolektiboen arteko elkar-ekintzaren sostengurako ekimenak babestu.
Kirola
-
Larrañako kirolgunearen atontzea, polikiroldegiaren karga arintzeko asmoz.
-
Olaitturri eta Olakuako kirol ekipamendua berritu.
-
Herriko kirol taldeei sostengua eskaintzen jarraitu.
-
Gutxiago ezagutzen diren kirolak ezagutarazi, herritarren aukerak zabaltzeko.
Haur-gazteak
-
Kontsumoari dagokiola, nerabeei begirako babes neurriak betearazi.
-
Haurren babeserako neurriak.
-
Gaztelekuko ohiko programazioa, haurrei zuzendutako asteburuetako aisialdirako ekimenekin osotu.
-
Gazte etorkinen sozializaziorako euskara tresna nagusia izatea bultzatu.
Gobernantza
Hiritargo eta administrazioaren arteko harreman berri bat eraikitzea ezinbestekoa da. Parte hartzerako zein politikarien erabakien kontrolerako tresnei bideak zabaltzea, erabaki hartze prozesuaren legitimaziora lagunduko du. Horretarako, kultura politikoaren aldaketari ere ezinbestekoa deritzogu, sistema berritu horren fase guztiak burutu ahal izateko, hau da, informazioa, kontsulta, eta elkarrekin egindako burubide eta gestiorako. H1! politika publikoen egikaritze berrituaren alde azaltzen da, ordezkaritzan oinarrituriko demokraziaren osagarri izango dena.
Bosgarren edukiontziaren eta atez-atekoaren arteko eztabaidia gori-gori dago; zein da zuen postura? Bosgarren edukiontzia jarriko da Oñatin; erabakia hartzeko prozesua zela egin den begi onez ikusten duzu?
Birziklatzeko erari buruzko hausnarketa aspaldi hasi genuen, ez da azken hilabetetako gauza. Guk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dugula jakina da, aztertu ziren txostenetan egokiena zela interpretatu genuelako. Erabakia hartzeko prozedura, ingurumena eta beste dozenaka eta dozenaka gaiei buruz hartu izan diren erabakien prozedura berdina izan da, demokrazia errepresentatiboan oinarrituta.
Zeintzuk dira Oñatiren premia nagusiak?
Premia nagusienak, gizarte ongizatearen ingurukoak dira, gai hauen inguruan pertsonek eduki ditzaketen arazoak itzelak dira. Baztertuta (ekonomiagatik, atentzio faltagatik, biolentziagatik….) egon daitezkeen pertsonak dira gure lehentasuna. Bestalde, agerian da azkenaldian lapurretekin eduki dugun arazoa. Hauen aurkako neurri zabalagoak hartzea funtsezkoa dela deritzogu.
Zer gustatzen zaizu gehien herritik?
Lasaitasuna eta edozein lekutara oinez joateko aukera.
Eta gutxien? Zer hobetu, aldatu behar litzateke?
Lasaitasun hori apurtzen duten lapurretak, adibidez.
Zelako herria gurako zenuke, zelakoa amesten duzu etorkizuneko Oñati?
Dugun ongizate maila altua mantendu edo hobetu duen herri bat.
Alkate irtenez gero, ze gauza egingo zenuke lehenengo?
Plazako aparkalekua kendu eta aisialdirako irabazi.
Alderdiko zerrendaburu zoaz oraingoan, zer suposatzen du horrek zuretako? Erantzukizun handiagoa?
Nire ondoan jende asko dagoela sentitzen dut, hala ere, erantzukizuna handia da lehenengoa joanda.
Nola baloratzen duzu orain arteko zinegotzi lana?
Oso esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan da pertsonalki. Gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz.
Eta kultura batzorde buru lana?
Askotan ekarpen aberasgarriago bat ezin egin izatearen penaz gelditu naiz, ia hasieratik aurrekontuan murrizketak eduki genituelako.
Bailaran Oñatin bakarrik aurkeztuko zarete; alde horretatik inportantea izango da emaitza onak lortzea, Debagoienean (adibidez mankomunitatean) alderdiak presentzia edukitzeko...
Noski. Hala ere, hurrengo hauteskundeetarako inguruko herrietan zerrendak aurkeztea espero dugu. Nahiz eta inguruko herrietan zerrendarik ez aurkeztu, H1!eko jendeak herrigintzan lanean jarraituko du.
Oñatin bertan baduzue indarra; EAtik bereizterakoan zinegotzi denak pasatu zineten H1!era, eta afiliauek ere horrela egin zuten. Erabaki haiek berresteko proba dira hauteskundeak?
Bai, halaxe da. Espero dugu aurreko hauteskundeetan konfiantza adierazi zigun hautesleriak gurekin jarraitzea; horren ilusioa daukagu behintzat.
H1!ek sintonia handia eduki izan du EAJrekin Oñatin. Arriskua ikusten duzu zuen jarraitzaile izandako batzuek EAJri botua emateko; ondo bereizten diren bi aukera dira? Aukera desberdinak?
Beno, hori beti egiten diguten galdera da. Nire ustez aniztasuna duen gizartean bizi gara, eta alderdiek aniztasun horren isla izan behar dute. Askotan zaila da herri mailan diferentziak nabarmentzea, baina ez bakarrik EAJ eta H1!en artean, beste alderdiekiko ere bai. Frogarik onena, askotan osoko bilkuretan erabakiak aho batez hartzen direla da. Baina Foru Aldundiko azkeneko agintaldian, EAJ eta H1!en artean desadostasun garrantzitsuak egon dira; askotan lehentasunek markatzen dituzte diferentziak.
Zergatik zaude politikan?
Politika teorikoa ikertzen hainbeste urte pasa eta gero, niretzat alde praktikoa bizitzea pausu logikoa zela esan dezaket. Gainera, nire aita ere zinegotzi izandakoa da eta etxean beti hitz egin dugu gai politikoez.
Gertuttik |
|
|
|