"Jarrera eraikitzailearekin" aurkezten da Oñatiko Bildu

Mireia Bikuña 2011ko maiatzaren 12a

Bildu gertu dago udal hauteskunde egunera arteko bidea egiteko. Atzo, eguaztena, agerraldia egin zuten kultura etxean, eta esan zuten "gogor borrokatu ondoren udal hauteskundeetan egongo" direla, eta euren jarrera "eraikitzailea" izango dela. "Ez gatoz orain arte egindakoa deuseztatzera. Oñati berri bat egin gura dugu, baina orain arte besteek egin dutena errespetatuz", esan zuen Mikel Biain alkategaiak.

Bestalde, aipatu zituzten hilaren 22ra arte egingo dituzten ekitaldi politikoak: bihar, zapatua, BECen, 17:30ean egingo den ekitaldi nazionalera joateko gonbita egin zuen. Bestalde, gaineratu zuen hilaren 18an eta 20an hauteskunde ekitaldi bana egingo dutela 19:00etan: lehena Aldapa tabernaren aurreko plazatxoan, eta bigarrena, herriko plazan.

Kafe antzokia
Bilduk askotariko proiektuak ditu esku artean. Hirigintzan, adibidez, alokairu publikoko etxeen aldeko apustua egingo dutela esan zuten, eta plazako pilotalekua estaliko dutela, besteak beste. Esan zuten atez atekoaren aldekoak direla, eta herrian sortzen diren kultura ekimenak babestuko dituztela. "Txokolatearen interpretazio gunea eta kafe antzokia egitea dugu buruan", esan zuen Biainek.

Azkoagainen aparkalekua
Gizarte ongizatea arloan zaharren egoitzaren modeloa aldatzekotan daudela esan zuen, eta bizi proiektua independientearen alde egingo dutela. Emakumearen egoeraren diagnosia egingo dute, eta kirol arloan, besteak beste, Azkoagainen aparkalekua egokituko dutela esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak