Bigarren eskuko azoka egingo dute Oñatin, Harreman Gobernuz kanpoko Erakundeari laguntzeko

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 12a

Enpresagintza Fakultateko Leinn graduko Jump In enpresak antolatzen du bigarren eskuko azoka. Oñatiko plazan, maiatzaren 21ean eta 22an izango da eta batzen den diru guztia Harreman GKEri emango zaio.

Herritarrek etxean duten eta erabiltzen ez duten kirol materiala, material elektronikoa, umeen aulkitxoak eta, orokorrean, beste pertsona batzuei erabilgarriak izango litzaizkiekeen produktuak salmentan jartzea da helburua. "Berrerabiltzeari dagokion eta gure gizartean ematen ez zaion garrantzia indartzen saiatuz" antolatzaileek diotenez. 

Maiatzaren 21ean eta 22an

Bi egunetan, maiatzaren 21ean eta 22an, goizeko 10etan hasiko da azoka, eta arratsaldeko 7ak arte iraungo du. Salduko den materiala, herritarren artean batuko dute,. Herritarrek eurek erabakiko dute zein preziotan saldu nahi duten produktua, eta eskuratutako diru horretatik zenbat nahi izango luketen Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeari eman.

Materiala zela batu

Materialaren bilketarako, bi aukera eskaintzen dituzte antolatzaileek:

  • Oñatiko Enpresagintza fakultatean, astelehenetik egubakoitzera, goizeko 8etatik arratsaldeko 4ak arte.
  • Oñatiko Gaztelekuan, astelehen eta martitzenean (maiatzak 16 eta 17), goizeko 10etatik eguerdiko ordu batera arte, eta eguenean (maiatzak 19), goizeko 10etatik ordu batera arte, eta eguerdiko ordu bietatik arratsaldeko 6ak arte.

Informazio gehiagorako edo antolatzaileekin harremanetan jartzeko: berdera2li.wordpress.com blogean edota 943 71 80 09 telefono zenbakian.

Batutako material guztia, blogean bertan agertuko da azoka egunaren aurretik. Horrela, azokan aurki daitekeen materiala ikusteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak