Salomon profetaren irudia Oñatin dago atzera ere

Maider Arregi 2011ko maiatzaren 11

Duela urte batzuk ostu zuten Salomon erregearen irudia Oñatiko parrokiako pietatearen erretaulatik. Bada, orain dela hilabete batzuk Sebastian Agirretxeri eman zion irudia ezezagun batek; hala, Agirretxek Gipuzkoako Foru Aldundiari eman eta zaharberritu ondoren gaur ekarri dute irudia jatorrizko lekura. 60 zentimetroko egurrezko irudia da.

Xabier Martiarena Arte Lekuko arduraduna, Joxan Larrañaga San Migel parrokiako parrokoa, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara foru diputatua, Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta Sebastian Agirretxe, irudia jaso zuena egon dira gaur San Migel parrokiako ekitaldian.

Ezin dute zehaztu noiz ostu zuten

Orain dela urte batzuk ostu zuten irudia, baina ezin dute zehaztu ze urtetan izan zen hori. Dakitena da, 1926an 6 iruditxo zeudela erretaulan, eta azken urteetan, ostera, lau besterik ez direla egon.

Sebastian Agirretxeri eman zioten

Orain dela hilabete batzuk ezezagun batek Sebastian Agirretxeri eman zion irudia; hala, Agirretxek esker oneko hitzak besterik ez ditu izan pertsona horrekiko. Otsaila erdialdetik apirila erdira arte zaharberritu dute irudia. Lan horretan ibili dira Xabier Martiarena eta Nerea Bermudez. 60 zentimetroko irudia da, eta zaharberritzen ibili direnek esan dute nahiko zikin zegoela, eta horregatik polikromia lanak egin behar izan dituztela.

Ate irekiak egingo dituzte irudia ezagutarazteko

Parrokoaren asmoa da ate irekiak egitea herritarrek irudia ikus eta ezagut dezaten. Zapatuko elizkizunaren ondoren egingo dute jardunaldi hori, baina ez dute zehaztu ze zapatutan izango den. Bestalde, irudia bere lekuan jartzeaz Etxezarreta arotz oñatiarra arduratuko da; lehenbailehen egingo du lan hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak