Gipuzkoako diputatu nagusi eta EAJko hautagai Markel Olanok esan zuen PSE-PP frontearen aurrean abertzaleok esnatu, eta irmo agertu behar dugula. "Bertan geratzeko asmoarekin iritsi zen PSE-EE-PP frontea eta abertzaletasuna erakundeetatik aterarazteko helburu bakarra du. Gure erantzun irmo eta eraikitzailea merezi dute".
Markel Olanok Oñatiko alkatetzarako hautagaia den Lurdes Idoiagarekin egin zuen kanpaina ekitaldia atzo arratsaldean Oñatin.
Lanerako garaia
Hautagai jeltzaleak baikor baloratu zuen Auzitegi Konstituzionalak Bilduren inguruan hartu duen erabakia. "Gure Herriaren demokraziarentzat eta bakearentzat albiste oso ona da" esan zuen. "Lanerako garaia da eta krisia gainditzeko eta Gipuzkoa eraikitzeko ideien eta proiektuen inguruan eztabaidatzea da orain egin beharrekoa".
Olanon esan zuen ezin dela aukera galdu "ez baitira edonolako hauteskundeak". "Ez da zatiketarako momentua eta aukera integratzaileenaren alde egin behar dugu. Aukera eraginkorrena eta eraikitzaileenaren alde, Herri honetatik Herri honengan pentsatutako ereduari bai esan behar diogu".
Debagoienaren enpresa egitura
Esan zuen eskualde honetan jorratu den enpresa espirituak ongi adierazten duela urteetan Gipuzkoan EAJk defendatu duen ekonomia eta enpresa eredua. "Gure eredu ekonomikoak kolokan jartzeko arriskua du: Zapaterok eta Lopezek enpresa ehunari bizkarra emanez, porrot egin duen kudeaketaren ondorioz" esan zuen. Krisiari erantzuteko, sozialistak inprobisazioan erori direla esan zuen, "beraien eraginkortasun eza agerian utziz". Horren aurrean, EAJk "gure gizartearekin lotura zuzena duen kudeaketa eraginkorra ordezkatzen du" adierazi zuen.
Gertutasuna eta parte-hartzea
Bestalde, Oñatiko alkatea eta alkatetzarako hautagaia, Lourdes Idoiagak urte hauetan EAJren kudeaketaren ezaugarri nagusiak gertutasuna eta herritarren parte-hartzea izan direla adierazi zuen.
"Kudeaketa estilo berri honi esker gure helburu nagusienak gauzatu ditugu. Gure hitza bete dugu", adierazi zuenIdoiagak.
Etorkizunera begira, herritarrengan pentsatuak diren hainbat proiektu iragarri zituen Idoiagak Oñatirako: besteak beste, oinezkoendako eta bizikletetarako Zañartu-Garagaltza eta Bereao-Murgia-Olabartako zirkuitu berdea; adinduendako, esperientzia eskola; bosgarren edukiontziaren hedapena, eta ETEOko instalazioen berrerabilerarako martxan jarriko den ideia lehiaketa.