San Migel Txikiekin hasiko da gaur auzoetako jai festa, irailera arte

Mireia Bikuña 2011ko maiatzaren 6a

Badatoz jaiak. Oñatiko auzoak jaietan murgilduko dira gaurtik. San Migel Txikiekin hasiko dira, eta, irailera arte, Atzeko kaleko jaietara arte, auzo gehienak ospatuko dituzte euren festak: hilaren 13tik 15era Kasablankakoak, Errekaldekoak hilaren 27tik 29ra, Olakuakoak ekainaren 3tik 5era...

Kale Zaharra musika eta jendez beteko da gaurtik. Askotariko ekitaldiak egingo dituzte. Festak hasteko, Alberto Arregiren omenezko txapelketako finalak jokatuko dituzte Olaiturrin. Ondoren, etxafuego jaurtiketarekin txorimaloak irtengo dira, eta ardo eta gazta dastatzeak egingo dituzte. 21:30ean rock kontzertua egingo dute Txuletons, Black River, EZ! eta Willis Drummond taldeek.

Auzoko emakumeen bazkaria
Bihar, 12:00etan, umeendako marrazki lehiaketa egingo dute eta 16:00etan haurrendako jolasak. Txorimaloak kalera irten aurretik, taloak, txorizoa eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da. 19:30ean Mexikori eskainitako gau tematikoa hasiko dute. La Mexicana Clandestina taldeak kontzertua egingo du. Ondoren, bertsioen kontzertua egingo dute, 21:30ean: Sorotan Bele, Hertzainak, Edan eta Zopilotes Txirriaos taldeen bertsioak egingo dituzte.
San Migel Txikiak domekan bukatuko dituzte. Auzoko emakumeak bazkaltzeko elkartuko dira, eta 18:30ean Oñatz taldeko dantzari gazteek emanaldia egingo dute. 19:00etan Debagoieneko bikotekako bertso txapelketa jokatuko dute; hain zuzen ere, Oñatiko kanporaketa. 22:00etan Xakena Xak taldeak erromeria egingo du eta 00:00etan zozketa egingo dute. Eta, etxafuego jaurtiketarekin bukatuko dituzte jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak