Ekhi Galdos: "Lurrikararen unean ez dakizu zer egin, adrenalinak gora egiten du"

Maider Arregi 2011ko maiatzaren 4a

Japoniera ikasten izan da Tokioko akademia baten Ekhi Galdos oñatiarra. Hura iritsi eta hiru hilabetera astindu zuen Japonia righter eskalan 8,9ko lurrikarak. Tokiotik Osakara eta berriro, Tokiora joan ostean, orain etxera itzultzea erabaki du.

Zergatik hartu duzu etxera bueltatzeko erabakia?
Nigatik, familiagatik… denak dauka eragina. Nik hartutako erabakia izan da, baina etxetik ere bueltatzeko eskatzen zidaten. Lurrikara gertatu eta beste hiru astez akademian eskolak izan genituen. Ni bertan geratu nintzen, nahiz eta nire lagun asko etxera bueltatu. Beste lagun batekin bi astez egon nintzen Tokioko akademian; hirugarren astea, berriz, bakarrik pasa nuen. Buruari bueltaka, azkenean, etxera itzultzea erabaki dut.

Tokiotik Osakara joan zinen...
Bai, Tokiotik Osakara joatea pentsatu genuen. Bertan, turismoa egin dugu eta inguruko herri ezberdinak ezagutu ditugu astebetez. Ondoren, Kiotora joatea pentsatu eta lau egunerako joan ginen. Handik, berriro Tokiora itzuli nintzen, eta etxean bakarrik egon naiz astebetez.

Japoniatik irteteko hegaldia lortzea erraza izan da?
Ez dut aparteko zailtasunik izan. Egia esan, azken bi egunetan hartu nituen bueltatzeko hegaldiak. Ez nuen inolako arazorik izan, bazegoen tokia hegazkinean.

Tokiora itzuli zinenean egoera normala zen?
Igartzen zen gertatutakoa, supermerkatuan bazegoen gertatu zenaren arrastoa. Esaterako, apal batzuk hutsik zeuden, baina beste batzuk iparraldeko produktuekin beteta. Hor nabari nuen eragina. Botila urak ere berehala agortu ziren, nahiz eta helduendako ura edangarria zela esan Gobernuak.

Nor bere buruari bueltak ematen hasten da, ezta?
Bai; izan ere, petrolioaren mantxa, esaterako, argi ikusten da. Baina erradiaktibitaterik ez da igartzen, ez da sentitzen eta ez dago bistara. Ezin duzu jakin erradiaktibitatearen menpe zauden edo ez. Norbera ere paranoiko bilakatzen da buruari bueltaka. Psikologikoki nahasgarria da; beti zaude pentsatzen zer egin edo zer eros daitekeen.

Japoniarrek nola bizi zuten erradiaktibitatearekiko beldur edo paranoia hori?
Nik kanpotik lasai ikusten nituen euren betiko bizimodua egiten. Agian batzuk urduri egongo ziren, baina gehienak lasai ikusten nituen. Gainera, Fukushimatik nahiko urrun daude, eta, egia esan, 12 milioiko hiri bat osorik larritzen bada, a ze kaosa sortuko litzatekeen, ezta?

Atentzioa ematen du japoniarrak asaldatu gabe ikustea.
Bai, hori da gehien komentatu dudana lagunekin eta etxekoekin. Ez da lapurretarik, ez istilurik izan. Hori hemen gertatu izan balitz, ez zen horrela izango. Miresgarria da kultura horrek daukan jarrera horrelako ezbehar baten aurrean.

Kontziente dira izan dezaketen arriskuaz?
Han Gobernuak informatzen zuen; ez zen hemen eskaintzen zen informazioaren besteko larria. Jendeak sinistu egiten zuen. Tokion ez zen aparteko arazorik ikusten, nahiz eta haurrak kalean  iparralderako diru eske zebiltzan. Kanpotar gutxiago ikusten ziren, baina, bestela, bizimodua ez da askorik aldatu Tokion.

Kanpotarrek berehala alde egin zuten.
Bai; hirugarren egunean, gu zortzi bakarrik geratu ginen. Kalean ere ez zen kanpotarrik ikusten, berehala alde egin zuten gehienek. Eta, egunak pasa ahala, ba, gutxiago ginen.

Informazioa berehalakoa izan zen?
Une oro eta berehalako informazioa ematen zuen Gobernuak eta telebistak, herritarrek jarraipena egin zezaten. Informazioa ez ezik, nola jokatu behar den ere azaltzen zuten, eta eskertzekoa da. Lurrikararen ostean, gune espezifiko batera eraman gintuzten.

Nola gogoratzen duzu lurrikararen eguna?
Bazkaria erosten geunden eta nire lagunari igarri berri nuen lur mugimendua komentatu nion. Barre egin genuen, baina berehala lurra mugitzen hasi zen. Ez dakizu zer egin une horretan. Kalera irten eta neoizko panel bat erortzear  zegoen, etxeak mugitzen eta erortzen ikusi genituen. Beldurra ez da hitza, adrenalinak gora egiten du eta ez zara gertatzen ari denaren kontziente. Naturaren indarra da eta ezin da ezer egin…

Dagoeneko astebete daramazu hemen. Gertutik jarraitzen duzu hango egoera?
Bai, tarteka. Facebook bidez jarraitzen dut hango lagun batzuen bitartez gertatzen ari dena. Fukushimako zentralaren egoera zein den edo beste lurrikararen bat gertatu ote den jakitea ere gustatzen zait.

Erradiaktibitatearen proba egin duzu?
Ez dut probarik egin beharrik izan! Ni bueltatu nintzenerako egoera kontrolatuta zuten eta ez didate erradiaktibitatearen probarik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak