Aitor Zabaleta: "Zaleak autoak ikutu nahian ibiltzen dira, zezenak izango balira moduan"

Xabier Urtzelai 2011ko maiatzaren 2a

Atzoko lasterketaren ondoren, Goienak hainbat piloturen, federazioko ordezkarien eta antolatzaileen iritziak batu ditu. Hemen jaso ditugu iritziok. Barruan, istripuko uneko erretratua eta hemen argazki galeria.

Aitor Zabaletak urteak daramatza lasterketetan parte hartzen. Zapatuan azkarrena izan zen, baina horrek albiste izateari utzi zion, albiste izan aurretik.

Aitor Zabaleta (pilotua): "Animuak eman nahi dizkiet zaurituei, eta zorionak DYAkoei, Gurutze Gorrikoei, ertzainei... lana azkar egin zutelako. Ea behingoagatik ikasten dugun, autoak ez direla zezenak, eta zaleak autoak ikutu nahian egoten dira bide bazterrean. Antolatzaileen esanak errespetatuko bazituzten, istripua txapa kolpe bat baino ez litzateke izango. Errespetu apur bat behar da lasterketan, eta jakin non egon gaitezkeen lasterketa ikusten, eta non ez".

Asier Mugartza (pilotua): "Egun eskasa gaurkoa. Pilotuei ere kendu egin zaigu lehenengo txandan irtetzeko gogoa. Gainera, Oñatikoak ezagutzen ditut. Ea gorputz txar honi buelta ematen diogun".

Ruben Nogueiras (pilotua): "Ez du konponbide errazik, jendeak ez duelako kasurik egiten. Komisarioen lana ez da batere erraza izaten, jendeari non egon behar ez duten esaterakoan denetik entzun behar izaten dutelako. Pena, lasterketa ederra izateko osagai guztiak zituelako. Jende mordoa zegoen proban, kirol hitzordu aparta zegoen prestatuta. Ea udaletxea horretaz jabetzen den, eta gehiago laguntzen digun".

Eduardo Maturana (federazioko ordezkaria): "Goizeko 08:30ean hasi gara federazioko ordezkariak ibilbidean aurrera eta atzera, jendeari non ezin duten egon zehazten, baina ez digute kasurik egiten. Zinta gorriak ere argi zehazten du zeintzuk diren lasterketako zona arriskutsuak, eta hor debekatuta dago egotea, baina oso zaila da hori guztia kontrolatzea. Horren aurrean, zer egin?".

Azken ordukoa: Sei zaurituetako biri atzo bertan eman zieten alta, eta larrien zegoen zale oñatiarra UCIko zaintzan dago oraindik, Txagorritxun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak