Lehenengo aldia izan da The Gibel Boys taldea Herriko Futbol txapelketako (beteranuen txapelketako) ligako finalera irisiten dena, eta ez dute hutsik egin; eurentzat izan da 2010-2011ko txapelketako irabazlearen garaikurra.
Txarrixak taldea izan dute aurkari nahiko berdindua izan den finalean. Lehenengo zatia banako berdinketarekin bukatu da: Roberto Ferreirok egin du The Gibel Boysen gola; Aitzolek, aldiz, Txarrixakena. Bigarren zatian baina, bi taldeetako bat bera ere ez da gai izan baloia sareratzeko; azkenean, penaltietan erabaki da neurketa eta The Gibel Boyseko jaurtilariak finago ibili dira.
Finalaz gain, txapelketa hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua ere gaur jokatu da. Kasu honetan, Xaguxar taldeak 6-2 irabazi dio iazko azpitxapeldun Dollygansi.
Kopa, Lozorromorentzat
Baina ligako lehen postuetaz aparte, Kopako finala ere egon da gaurkoan jokoan Azkoagainen. Lozorromo eta Etxaixat taldeak ibili dira nor baino nor, eta azkenean Lozorromok 0-1 irabazi dio aurkariari.
Aurtengo denboraldiko azkenengo jardunaldia izanda, beste hainbat sari banatu dituzte gaur. Hala, atezain onenaren saria The Gibel Boys taldeko Sergio Gilentzat izan da, eta denboraldiko golegile onenarena, Txarrixakeko Aiztolentzat. 18 gol sartu ditu Aitzolek aurtengo denboraldian. Jokalari beteranoenaren saria Karlos Oleagarentzat izan da, eta Kiroltasunaren saria, Sasquatch taldearentzat.