Manoli Barrenetxea Oñatiko PSE-EEko alkategaia: "Oñatik etorkizunarekin ilusionatzeko beharra dauka"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko api. 26a, 08:00

Gaur egun Oñatiko Udalean zinegotzia den Manoli Barrenetxea izango da PSE-EEren zerrendaburua Oñatin maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan. Barrenetxeak, Blanca Roncal ordezkatu zuen Oñatiko Udalean, 2010eko otsailean. EHU-n psikologia ikasketak egiten dihardu Barrenetxeak. Beti izan dituela ideia sozialistak azaldu digu.

Soslaia

Manoli Barrenetxea bergararra da eta bere ahizpa Mari Carmenen bezala politikagintzan dabil. Gaur egun psikologiako 2. mailako ikasketak egiten dihardu EHU-n. Ezkondua da eta bi semeren ama da. Alkate izango balitz herriko elkarte eta eragileekin batzartuko zela esan digu; hori da egingo lukeen lehenengo gauza.

Nola sartu zinen politikan?

Ideia sozialistak beti izan ditut, baina politikan konpromiso serio barik nenbilen. Behin, Bergarako sozialistek afari batera gonbidatu ninduten; han politikaz berba asko egin genuen, baita herriaren alde egin nahi zena, herritarren bizi kalitatea hobetzeko egin beharreko lana… Momentu hartan konturatu nintzen pauso bat aurrera eman behar nuela eta herriaren alde lan egiteko neure burua aurkeztu nuen. Oñatirekin konpromisoa azken legealdian hartu nuen; orain, ilusioz, erantzukizunez eta lan egiteko gogoarekin hartuko dut aukera berria.

Zer eskainiko dio PSE-EEk Oñatiri?

Eskaintzen diot nire lana, nire konpromisoa eta hurrengo lau urteetan Oñatiren alde lan egiteko ilusioa. Oñatik etorkizunarekin ilusionatzeko beharra dauka. Baina, batez ere, gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, oinarri sendo batzuk izateko konpromisoa hartzen dut ekonomia bultzatu eta lana sortzeko.

Zeintzuk izango dira zuen programaren oinarri nagusiak?

  • Ongizatea: Gura dugu Oñatin lehentasuna izatea ongizate sailak; horretarako, giza baliabideak indartuko ditugu herritarren beharren arabera.
  • Garraioa: Eskualde honen beharrak aztertzea eskatuko dugu. Linea gehiago eskatuko dugu, ordutegiak gehitu, eta orokorrean garraio iraunkorra, eraginkorra, ekonomikoa, kalitatezkoa eta duina.
  • Kultura: Kultura gauza ororen oinarria da. Heziketa, hezkuntza eta askatasuna da. Kultura epe luzerako inbertsioa da eta gure lanaren zati handi bat eskainiko diogu, kulturak gure etorkizuna hobetuko duelako. Gauzatu gura dugu kultura anitza, plurala eta ulergarria gure ingurunea aberastuko duena (musika, artea, gastronomia, arkitektura…)
  • Gaztedia: Gure gazteak, oraina eta etorkizuna direna, lan merkatura sartu gura ditugu. Gainera, gazteen eta nerabeen beharrak aseko dituen Udal baten alde egingo dugu apustua. Kontuan izango dugu ez direla sektore homogeneo bat; adinaren edo generoaren arabera arazo ezberdinak dituztela kontuan hartuko dugu. Udalaren eta gazteen artean komunikazioa ahalbideratzeko ildoak artikulatu beharko ditugu, gazteen beharrak eta kezkak Udalera irits daitezen. Gazteen autonomiaren alde egingo dugu, euren bizi kalitatea hobetu eta gazteen parte-hartzea sustatuz.
  • Euskara: Integratuko duen elebitasun baten alde egingo dugu. Euskara ondare komuna dela uste dugu. Euskararen udal planak onartuko ditugu hizkuntz politika etengabea, adostasunera iritsia eta eraginkorra aplikatuz.

Udalbatzak bosgarren edukiontziaren alde egin du. Ados zaude gaia nola eraman den?

Guztiz ados nago bosgarren edukiontziarekin. Aukera egokiena iruditzen zait; bai ikuspuntu ekologikotik eta baita ekonomikotik ere.

Guk defendatzen dugu zabor organikoa bere aldetik batzea, eta modu horretan konposta egitea. Gainera, azkeneko hamarkadetan edukiontziek ahalbideratu dute birziklapena indartzea: beira, papera eta ontziak. Garbiak eta ekonomikoak dira, usainak saihesten dute eta ahalbideratzen dute higiene egokia eta hiri-osasungarria, komunitate moderno bati dagokion modukoa.

Inkestaren gainean esan behar da modu partikularrean egin duela partidu batek, partiduko diruarekin, ez Udal mailan. Hortaz, emaitzen gainean bakarrik berba egin dezaket, eta emaitzak bosgarren edukiontziaren aldekoak dira argi.

Alkate izango bazina, zer da lehenengo egingo zenukeena?

Elkarteei eta gizarte zibilaren ordezkariei deituko nieke Udalaren egoera ekonomikoa aztertu eta Udal gobernuaren programa azaltzeko. Gainera, epe bat irekiko nuke ekarpenak jaso eta Udal programa konkretuagoa egiteko, herritarren jarduerekin osatua eta gestio gardena eta parte hartzailea bultzatuko nuke.

Gestioa egin behar da hurbiltasunean oinarrituta, errealitatean, sen onean, dogmatismo politiko gabe, eta belarriaren politika ezarrita; hau da, herritarren eskariak entzun eta errealitate bihurtu. Oñatik potentzialtasun handia du, eta ondo kudeatu ezkero, garapen ekonomiko eta sozial handiak lor daitezke. Kalean egon behar da, egunero egon behar da herritarrekin, zer gura duten galdetu eta Udalaren aldetik zer espero dute galdetuz. Izan ere, Udala eurena da. Alkate batek izan dezakeen dohain garrantzitsuena herritarrei entzutea da.

Oñatitik zer gustatzen zaizu gehien?

Herritarrak langileak, abegitsuak eta pluralak dira.

Zer uste duzu hobetu behar dela?

Garraio publikoa hobetu behar da, hor adibidez, lan handia dago egiteke. Debagoieneko sozialistak eskatzen gabiltzana da gure eskualdean dauden garraio beharren azterketa egitea. Eskatzen duguna da linea gehiago, ordutegi hobeak eta orokorrean zerbitzu duina izatea. Gipuzkoarekin komunikazioa asko hobetu da, baina adibidez Bizkairekin gabezia handiak daude. Eskualde bakarra da Bizkairekin loturarik ez duena.

Uda gainean dugunez, lortu da Diputazioak Debagoiena eta hondartzak lotuko dituen autobus linea bat jartzea. Hori horrela da PSE-EEko batzarkideek Gipuzkoako parlamentuan egin duten lanagatik.

Nola baloratzen duzu orain arteko zinegotzi lana?

Legealdi zaila izan da; izan ere krisia izan dugu gainean. Hala ere, Zapateroren gobernuaren E- Planaren laguntzari esker proiektu garrantzitsuak egin ditugu eta enplegua sortu dugu. Baita, Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen programei esker lana sortu da eta hainbat ekimen aurrera atera dira.

 

Gertutik

Herriko txoko gustukoena: Arrikrutzeko kobak, semeekin bisitatzeko. 

Herritar bat: Ruper Ordorika. 

Telebistako saio bat: Ez dut telebista ikusten, ez dut denborarik, Teleberri ikusten dut. 

Sare sozialetan ibiltzen sara? Bai. 

Irakurri duzun azken liburua: La reina que dio calabazas al caballero de la armadura oxidada. 

Egunkaririk irakurtzen duzu? El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa... 

Zein da erosten duzuna? Nire etxean El Diario Vasco erosten da. 

Interneten zertan ibiltzen zara? Prentsa irakurtzeko erabiltzen dut, ikasteko, unibertsitateko lanak egiteko, lagunekin harremanetan egoteko... 

Abesti bat: Txoria txori. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak