Noiz hasi zinen igeriketan? Zeintzuk izan dira zure lorpen nagusiak?
Oso txikitatik hasi nintzen igeriketan, 3 urterekin-edo, baina 9 urte izan arte ez nintzen Aloñako klubean sartu. Hau da, adin horrekin federatu nintzen, eta ordutik 18 urte bete arte aritu nintzen Aloñako taldean.
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan parte hartu izan dut; hau da, horietarako minimoak lortu izan ditut lau edo bost urtean zehar.
Noiz utzi zenion federatu izateari?
18 urte bete nituenean kluba utzi nuen. Entrenamendu saioak eta ikasketak ez ziren bateragarriak, eta, beraz, lehiatzeari uztea erabaki nuen. Hala ere, ez nuen igeriketa utzi; ordutik, igeriketa zeharkaldi ezberdinetan hartzen dut parte, uda aldean: Getaria-Zarautz, Nojan egiten den zeharkaldia, Zurriola eta Kontxa artekoa...
Hainbat probatan ematen dut izena urtero eta urtez urte nire marka hobetzen saiatzen naiz; nire buruarekin lehiakorra izatea gustatzen zait.
Igeriketa kirol gogorra dela diote: bakarkakoa, gorputza zaintzea eskatzen duena, entrenamendu ordu asko... Zergatik aukeratu zenuen?
Nik ez nuen aukeratu, egia esan. Gurasoek bultzatuta sartu nintzen igeriketan, txiki-txikitatik. Gainera, gogoratzen naiz hasieran oso gaizki pasatzen nuela, negar baten etortzen nintzen eta beldurra nion urari. Baina gurasoek ez zuten amorerik eman; bada, lehen gorrotatzen nuena orain ezin dut alde batera utzi.
Igeriketaz gain, beste kirol batzuk ere egiten dituzu. Zeintzuk?
Gimnasioan aritzen naiz bereziki, eta urtero aldatzen dut. Iaz, stepa, aerobika eta tonifikazioa egin nituen eta aurten, berriz, Santiago bidea bizikletaz egiteko asmoa dudanez, spinningean eman dut izena. Beraz, aurtengo udarako badaukat erronka: Santiago bidea barruko ibilbidetik bizikletaz egitea.
Euskal dantzak ere oso gustuko dituzu. Noiztik?
5 edo 6 urterekin sartu nintzen Oinatz dantza taldean eta oraindik ere taldeko kide naiz. Beraz, ia bizitza osoa daramat dantza taldean. Dantzan egitea izugarri gustatzen zait, eta taldeko giroa oso ona da; horrek taldean jarraitzera animatzen nau.
Gainera, Batxilergoko lehen mailatik dantzari moduan parte hartzeaz gain, gaztetxoei dantzan egiten irakasten hasi nintzen. Oraindik ere eginbehar horretan jarraitzen dut, oso gustura.
Debagoienean dantzan egin izan dugu, baina kanpora ere irten izan gara; esaterako, Zurichera. Haurrekin, berriz, Euskal Herri osotik mugitzen gara, batez ere dantzari egun ezberdinetan.
Zure zaletasunak besteei kutsatzen saiatzen zara, beraz.
Hala da. Igeriketaren kasuan ere, Huhezin goizez ikasten nenbilen bitartean, hiru urtean zehar, arratsaldez Zubikoako igerilekuan egiten nuen lan.
Orain, Donostian ikasten nagoenez, ezin dut astean zehar lanik egin. Hala ere, ordezkapenak egiteko deitzen didate eta normalean aste bukaeretan lan egiten dut. Beraz, ez dut denbora libre luzerik izaten.
Zein da Zubikoa kiroldegian egiten duzun lana?
Begirale moduan aritzen naiz nire betiko umeekin. Gaztetxoekin ere egoten naiz igeriketaren oinarrizko arauak irakasten. Gainera, aquagymeko irakasle ere banaiz eta uda partean waterpoloko irakasle moduan ere egin izan dut lan. Eta, noski, sorosle lanak ere egiten ditut.